kuba

Fidel Castroren beste agerraldi bat

Kubako 115 enbaxadorekin bildu da Habanan bart. Azken hamar egunetan bost aldiz azaldu da jendaurrean.

2010eko uztailaren 17a
12:33
Entzun
Fidel Castro Kubako presidente ohia gero eta gehiagotan ari da azaltzen jendaurrean. Astelehenean, aske geratu diren disidente kubatarrak Espainiarako bidea hartu baino ordu batzuk lehenago, agerraldia egin zuen Kubako telebista katean, grabatutako saio batean -bereziki, Ekialde Hurbileko egoera izan zuen hizpide-. Egun batzuk lehenago Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionala bisitatu zuen. 2006tik etxetik kanpo egindako lehen agerraldi publikoa izan zen hori. Bart, berriz, Kubako 115 enbaxadorekin bildu da Habanan, Atzerri Ministerioaren egoitzan. Kubako telebistak osorik -baina diferituan- eman du agerraldia.

Ordu eta erdi iraun du ekitaldiak, eta Castrok ohartarazi die gerra nuklearra heldu daitekeela AEBek Irani eta Ipar Koreari erasoa eginda. Jakinarazi du Amerikako lau presidenteri mezu horixe duen gutuna igorri diela -ez du esan zeini-.

Berriz ere laukidun alkandora jantzita agertu da, eta umore onez ikusi ahal izan da. Azkeneko hamar egunetan bost aldiz agertu da jendaurrean. Abuztuan 84 urte beteko ditu.

Gaixotasun baten ondorioz 2006an Kubako agintea Raul anaiaren esku utzi zuenetik, Fidel Castro bi aldiz elkarrizketatu dute telebistan: 2007ko ekainean eta irailean. Iazko abuztuan, haren bideo bat erakutsi zuen Kubako telebistak, Venezuelako hainbat gaztek haren etxera eginiko bisita baten berri emateko. Azken urteetan publikatutako argazki gehienetan Hugo Chavez Venezuelako presidentearekin batera azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.