Filipinen hegoaldean milatik gora lagun desagertu dira, luiziek herri bat lurperatuta

Guisangonen 200 pertsona hil dira, eta beste 1.500 eta 2.500 artean desagertuta daude

Kristina Berasain Tristan.
2006ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Guisangon herrixka erabat lurperatuta gelditu zen atzo. Leyte uhartearen hegoaldean dago herria, kostaldetik gertu, mendiz inguratutako bailara batean. Azken bi asteotako euriteek luizi txikiak eragin zituzten zonaldean eta atzo goizean mendi baten mazela erori zen herriaren gainean. Goizeko bederatziak eta hamarrak artean ziren eta herri osoa lurpean gelditu zen minutu gutxitan. Bostehun inguru ziren lokatzaren azpian gelditu ziren etxebizitzak. Orotara hiru mila pertsonak zuten izena emanda erroldan. Hainbat informazio iturriren arabera, berrehun pertsona inguru hil ziren eta beste 1.500 eta 2.500 artean desagertuta zeuden. Leyte uharteko gobernadore Rosette Leriasek jakinarazi zuenez, hemeretzi gorpu aurkitu zituzten atzo eta bizirik atera ziren pertsonak, berriz, berrogeita hamahiru ziren.

Luizia izan zen unean umeak eskolan zeuden eta, horregatik, desagertuen artean ume ugari egongo ote zirenaren beldur ziren tokiko agintariak. Leyte eskualdeko bozeramaile Eva Tomolek esan zuenez, berrehun ikasle, sei irakasle eta zuzendaria zeuden eskolan luizia izan zen unean: «Lurperatuta gelditu den eskolako bost haur, tartean urtebeteko bat, onik atera direla jakinarazi didate une honetan bertan».Guisangon herritik gertu dago Liloan. Marlo Maamo alkatea kaltetutako eremuan izan zen eta luiziek eskola, etxeak eta eraikin sendoenak ere lurperatu zituztela zehaztu zuen: «Orotara 370 familia bizi ziren Guisangonen». Guisangon herri txikia zen, kilometro koadro bateko eremua zuen eta, hainbat informazio iturriren arabera, eremu horren %90 lur azpian gelditu zen. Caoabag mendiaren mazela erori zen gainean. Rosette Lerias gobernadorearen arabera, «lokatzezko mendi bat» zen Guisangon. Iluntzean salbamendu lanak bertan behera utzi behar izan zituzten argindar sarean energiarik ez zegoelako eta, ondorioz, argirik ez zutelako. Gaur goizaldeko lehen orduan abiatuko dituzte berriz salbamendu lanak, dena den, lokatzaren azpian bizirik dauden pertsonak aurkitzeko aukerak urriak dira. Orotara hamaika auzune hustu zituzten atzo baina salbamendu taldeek zailtasunak zituzten euren lana egiteko. Hainbat zonaldetan hamar metroko lokatza zegoen eta, ez zionez euria egiteari utzi, lohia biguna zegoen eta horrek are zailagoa egiten zuen salbamendu taldeen lana. «Egoera oso arriskutsua da; izan ere, ez dio utzi euria egiteari eta luizi gehiago izan daitezke datozen orduetan». Hondeamakinek ezin zuten herrira sartu eta, horrela bada, salbamendu taldeak lana oso poliki ari ziren egiten. Herritarrei eskuekin lurra zulatzen saiatzeko eskatu zieten. Armadako kapitain Edmund Abellak eskuekin baino ezin zutela lan egin zehaztu zuen.Guisangon herriko alkate Maria Lim kanpoan zegoen luizia izan zen unean eta komunikabideei azaldu zienez, ez zuten artean gertatutakoaren tamainaren berri emateko modurik: «Une honetan ezinezkoa da zonaldera errepidez ailegatzea eta, beraz, oso zaila da informazioa eskuratzea».

2,6 graduko lurrikara

Luizia izan aurretik lurrikara bat izan zela eman zuten aditzera hainbat iturrik. Richter eskalan 2,6 gradu izan zituen seismoak baina agintariek ukatu egin zuten horrek eragitea luizia. Baso-soiltzea handia da zonaldean eta horrek ere zerikusia izan zuela pentsa daiteke.

Filipinetako presidente Gloria Macapagal Arroyok laguntza hogeita lau orduan iritsiko zela agindu zuen: «Gobernuak bitarteko guztiak erabiliko ditu laguntza ahalik eta azkarren bidaltzeko. Laguntza bidean da eta lurrez, itsasoz eta airez iritsiko da. Aurki salbu egongo zarete». Telebista publikoan hamabost minutuko agerraldia egin zuen presidenteak: «Leyte uhartearen hegoaldean bizi den herriarekin daude gaur gure pentsamenduak eta otoiak». Filipinetako telebista publikoak igorritako aurreneko irudietan airetik helikopteroz hartutakoak ez zen ezer ikusten lehen herria zegoen tokian, lokatza baino ez, eta ez eraikinik edo teilaturik. Filipinetako Gobernuak Armadako bi helikoptero, hainbat itsasontzi eta infanteriako talde bat bidali zuen zonaldera. AEB Ameriketako Estatu Batuek ere zonaldean zituzten bi ontzi bidali zituzten kostaldera. Filipinetan urtaro lehorra da abendutik maiatzera arte doana. Urtarrilaz geroztik, hala ere, euriteak izan dira eta azken bi asteotan etenik gabe egin du euria. La Niña izeneko fenomeno meteorologikoak eragin ditu euriteak adituen ustetan. Urtarrilaren 11 eta 13a bitartean hamahiru pertsona hil eta beste 30.000 aterarazi zituzten Visayas eta Mindanao uharteetan. Leyte uhartean ez da luiziak izaten diren aurreneko aldia. 1991. urteko azaroan sei mila pertsona hil ziren uholdeen eta luizien eraginez. Telma zikloiak eragin zituen kalteak. 2003. urteko abenduan beste 174 pertsona hil ziren Filipinetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.