Filipinetako komunistek datozen bost urteetarako asmoak jakinarazi dituzte, alderdia sortu zeneko 40. urteurrenean. Matxinada sendotuko dutela iragarri dute, herrialdean estatu marxista ezarri ahal izateko. Hala, giza eskubideak bortxatu eta harrapakatzeak egin dituzten Gobernuko kideak eta armadaburuak esetsiko egingo dituztela ohartarazi dute. Baita haien familiartekoak eta lagunak ere, konplizetzat joz gero. Era berean, lur jabe handien eta ingurumena suntsitzen duten meatzari enpresen kontrako operazioei ere ekingo diete.
Gerrillak, Herriaren Armada Berriak, jardungo du horren guztiaren kontrako borrokan. Filipinetako Alderdi Komunistaren adar armatua da hori. Ezarritako erronkei aurre egin ahal izateko, ordea, kide gehiago beharko ditu. Hala jakinarazi du gerrillaren sortzaile Jose Maria Sisonek Herbehereetatik, hedabideei bidalitako eskutitz batean. Erbestean bizi da, izan ere, Sison. «Ehunka lagun bildu zaizkigu jada, baina askoz gehiago beharko ditugu, erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko», dio dokumentuak. Dena den, egoera ekonomiko zailak horretan lagunduko duela uste du Sisonek. «Krisiak izugarrizko sufrimendua eragiten die herritarrei, baina iraultzarako bidea ere erakusten die».
Negoziazioak, izoztuta
Urtero Gabonetarako su-etena hitzartu ohi dute Filipinetako Gobernuak eta Alderdi Komunistak. Aurten ere hala egin dute, abenduaren 24tik 26ra, baita 31rako eta urtarrilaren 1erako ere. Bi aldeen arteko negoziazioak 2004an eten zituzten. Ameriketako Estatu Batuek terroristen zerrendan sartu zuten Herriaren Armada Berria, eta hori sustatu izana leporatu zioten Filipinetako Gobernuari. Europako Batasunak ere terroristatzat du gerrilla hori, 2005. urteaz geroztik. Azaroan Norvegiaren bitartekaritzarekin Oslon eginiko bi aldeko bileran gerrillak uko egin zion Gobernuaren proposamenari. Su-etena eskatzen zuen hark, negoziatzen hasteko ezinbesteko baldintza gisa.
Filipinetako Alderdi Komunistak armetarako deia egin du
Matxinada sendotzeko bost urteko plana aurkeztu du, alderdia osatu zeneko 40. urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu