Filipinetako Gobernuaren eta FMNL Askapen Islamikorako Fronte Mairuaren arteko akordio bidea bertan behera geratu zen atzo. Uharteetako Auzitegi Gorenak gaur sinatu behar zuten akordioa eten baitzuen hainbat herri eta buruzagi kristauek eskatuta. Akordioa abuztuaren 15a arte atzeratu dute komunitate kristauaren eta musulmanaren iritziak jasotzeko asmoz.
Hitzarmenak Filipinetako hegoaldean bakea lortzea zuen helburu, baina komunitate kristauak ez du eskualde musulmana handitzea begi onez ikusi. Hartara, herritar kristauak akordio honen aurka azaldu dira. Horien artean, Emmanuel Piñol, Cotabato del Norteko gobernuburua. Behin behineko itunean nagusiki kristauak diren herri asko musulmanen domeinupean geratuko liratekeela salatzen dute Piñol eta herritar kristau askok. Alegia, eskualde autonomoaren barruan. Are gehiago, jurista batzuek ituna Konstituzioaren aurka jotzen dute. Izan ere, uharteetako erregimen aldaketa suposatzen baitu eta ondorioz, musulmanek onartzen ez duten legedia zabaltzea behartuko luke.
Urteak bakea lortu nahian
Akordioa atzeratzea ondo ikusi dutenak asko dira Filipinetan. Zamboangako hiriburuan adibidez, lau mila kristau kalera atera ziren albistea ospatzeko. Hala ere, hiriko alkateak, Celso Llobregatek, Mindanaoko herriak zatituko dituen Berlingo harresirik ez eraikitzeko esan zuen.
Mindanao uhartean lau milioi musulman bizi dira bederatzi milioi kristauekin batera. Akordioa aurrera aterako balitz, 712 herritan Mindanaoko Eskualde Autonomo Musulmanaren (ARMM) barruan sartzeko galdeketa egingo da. Mindanaoko Eskualde Autonomo Musulmana 1990. urtean sortu zen eta bost probintziek osatzen dute. 70eko hamarkadaz geroztik bakea lortu nahian ibili dira Filipinen hegoaldean FMLI eta gobernuaren arteko negoziazio bitartez. Hitzarmenerako hurrengo txanda abuztuaren 15ean izango da.
Filipinetako bake prozesua eten egin du Gorenak buruzagi kristauek eskatuta
Gobernuaren eta gerrilla musulmanaren akordioak 712 herri eskualde autonomoan sartuko lituzke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu