Filipinetako gerrilla bitartekari eske

Gobernuarekin bake negoziazioak hasteko, nazioartearen bitartekaritza eskatu du gerrillak

Erredakzioa
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Filipinetako Mindanao irlako MILF Askapen Islamikorako Fronte Mairuak mesfidantzaz hartu du Manilako gobernuak herenegun eginiko iragarpena. Eta negoziazioak hasteko bitartekari independentea eskatu du. Gloria Macapagal-Arroyo presidenteak agindu zion armadari gerrillaren kontrako erasoaldia bertan behera uzteko, berriz ere negoziazioei heldu ahal izateko. Eduardo Ermita gobernuko bigarrenak zehaztu du su-etena erabakitze horrekin gatazkako bi aldeen artean konfiantza sortu nahi dutela, bake prozesua suspertzea helburu. Iazko abuztuan hautsi zuten Filipinetako Gobernuak eta MILFek 2003an hitzartutako bake ituna.

Alabaina, MILF ez da fidatzen Filipinetako Gobernuaz eta bake elkarrizketetara bueltatzeko nazioartearen bitartekaritza nahi du. «Gobernuari argi esaten diogu: nazioarte bitartekaritza mekanismo bat abian jartzea ez badu onartzen, ez dugu berarekin hitz egingo», adierazi zuen atzo MILFeko goi kargu Mohagher Iqbaik. Bera izan zen Manilako agintearekin izandako bake solasaldietan, gerrillarien ordezkaritzako burua.

Porrota eta zatiketa

Iqbaik, hala ere, MILFek su-etena errespetatuko duela iragarri du, Filipinetako armadak agindutakoa betetzen badu. Alabaina, Ermitak zehaztu du militarrek ez dituztela MILFeko hiru buruzagi ohiren bilaketa operazioak geldituko. Gerrillari horiei leporatzen diote iazko abuztuan, eta MILFeko agintaritzaren baimenik gabe, su-etena haustea eta indarkeria berpiztea.

MILFeko agintaritzari desobeditu ziotenek borroka armatua berriz hasi zuten, Mindanaon bederatzi milioi inguru diren kristauek ez baitzuten batere begi onez ikusi 2003ko akordioa. Haien iritzian, hark bidea ematen zieten bost milioi musulmanei «estatu islamiko bat eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.