Filipinetako Gobernuak eta maoistek negoziazioei berriz ekinen diete urrian

Askapen Islamiarrerako Fronte Mairua taldeak, ordea, ez du segituko Manilarekin elkarrizketan

mikel rodriguez
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Filipinetako Gobernuak eta NDF Fronte Demokratiko Nazionala gerrilla maoistak uda hasieran bertan behera utzitako bake negoziazioei berriz ekitea erabaki dute. Heldu den urrian hasiko dituzte berriz ere elkarrizketak, Oslon. Izan ere, Norvegiak bitartekari lana egin du bi aldeen artean. Maoistek 1960ko hamarkadan hasi zuten Filipinetako Gobernuaren aurkako borroka. Ordutik, 40.000 lagun inguru hil dira.

Iragan ekainean NDFk jakinarazi zuen ez zuela elkarrizketekin segituko, gobernuak gerrillako hamazazpi kide espetxetik askatu arte. Preso horiek NDFren negoziatzaile taldekoak dira, eta gerrillak salatu du haien atxiloketa legez kanpokoa izan zela, negoziatzaileak ziren heinean «immunitatea» zutelako. Luis Jalandoni maoisten eledunak adierazi du preso horiek askatzeko «pauso baikorrak» hitzartu dituztela bi aldeek. Alex Padilla gobernuko negoziatzaile buruak erran du, baina, ez dutela presoak askatzeko «konpromisorik» hartu. «Negoziazio mahaira itzuliko gara aitzinetik paratutako baldintzarik gabe, eta Oslon mintzatuko gara gai gatazkatsuen inguruan».

Iragan larunbatean Jalandonik ohartarazi zuen bertze bortz preso askatu ezean maoistak ez zirela negoziazio mahaira itzuliko. Joan den otsailetik gobernuak lau preso askatu ditu. Gerrillaren eta Manilaren arteko lehenbiziko negoziazioak 1986an hasi ziren. Hainbatetan trabatuta gelditu dira; azken aldiz, duela zazpi urte. Iragan otsailean berriz hasi zituzten hartu-emanak. Europako International Crisis Group taldearen arabera, NDFk 187 soldadu eta polizia hil zituen iaz.

Autonomia eztabaidagai

Komunistek ez bezala, ordea, MILF Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak ez duela gobernuarekin negoziatzen segituko jakinarazi du. Azkenekoz duela bi aste elkartu ziren Malaysian, eta gobernuak hil honetan berriz ere biltzeko asmoa zuen. «Ez dago deus hitz egiteko», adierazi du MILFeko negoziatzaileen idazkari Jun Mantawilek. «Agintariak integrazioaz ari dira solasean autonomia gisa aurkeztuz, baina MILFek ez du onartuko benetako autonomia ez den deus». Filipinenen hegoaldeko Mindanao uhartean gutxiengo musulman garrantzitsua dago, eta horientzat autonomia zabala izanen duen estatu bat eratu nahi du MILFek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.