Azken egunotako liskarren ondorioz, milaka pertsonek beren etxea utzi behar izan dute Filipinetako hegoaldean: 130.000 inguru. Horrez gain, dozenaka zauritu daude, eta, gutxienez, soldadu bat eta bederatzi ekintzaile hil dira borrokak hasi zirenetik.
Filipinetako Gobernuaren eta FMLI Askapen Islamikorako Fronte Mairuaren arteko liskarrak areagotu egin dira egunotan. Izan ere, pasa den astelehenen sinatu behar zuten bake akordioa bertan behera utzi baitzuen Gorenak buruzagi kristauek eskatuta. Gobernuaren eta ekintzaile musulmanen akordioak 712 herri eskualde autonomoan sartuko lituzke. Alegia, ARMM Mindanaoko Eskualde Autonomo Musulmanaren barruan. Eremu hori Hego Lanao eta Maguindanao eskualdeek, Jolo eta Tawi-tawi uharteek eta Marawi hiriburuak osatzen dute.
FMLIk Mindanaon 6.500 pertsonen ihesaldia eragin zuela salatu zuten buruzagi kristauek. Are gehiago, hiru etxeetako abereak lapurtzea eta etxeak erretzea leporatu zieten. Horren ondorioz, hartutako herriak berehala uzteko deia egin zien Gobernuak ekintzaile musulmanei, pasa den ostegunean. Eid Kabalu FMLIko bozeramailearen arabera, ekintzaileek hartutako herriak uzteko saioak egin dituzte, baina Gobernuaren soldaduek hori egitea oztopatu dute.
Hauteskundeak ARMMn
Lehendakaria, lehendakariordea eta eskualde biltzarreko 24 kide aukeratuko dituzte atzo egindako hauteskundeetan, Mindanaoko Eskualde Autonomo Musulmanean. Gorenak bake akordioaren ituna bertan behera utzi ondoren, Gobernuak eta FMLIk bozak atzeratzea eskatu zuten.
Basila uhartean FMLIko kide batzuen kontrako erasoan, hemeretzi eta hamar urteko bi neska zauritu ziren. Segurtasun indarren tentsiopean 1,6 milioi pertsonek bozkatu zuten, atzo. Nazioarteko begiraleek botoen lapurreta eta botoen zenbatze sistemaren elektronikoaren hutsegitea salatu zituzten.
ARMM 1990. urtean eratu zen ipar Kotabatoren partaidetzarik gabe. Hala ere, FMLIren kontrako eraso handienak bertan jasotzen dira, egun. Filipinetako hegoaldean ezegonkortasuna orain dela lau hamarkada piztu zen. Dagoeneko, 120.000 hildako eta 2 milioi desplazatu eragin ditu.
Filipinetako hegoaldeko borrokak direla eta, 130.000 lagunek ihes egin dute
Presidentetzarako bozak egin dituzte Mindanaoko Eskualde Autonomo Musulmanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu