Eguraldi makurragatik bilaketa lanak 24 orduz eten ostean, Filipinetako armada larunbatean hondoratutako Princess of Stars ferryko bidaiarien bila hasi zen atzo. Fengshen tifoiaren erruziraulitako ontzia Sibuyan uhartetik begien bistara dago, Romblon lurraldean, Filipinetako erdialdean. Armadaren arabera, ez dute bizitza arrastorik topatu ontzian, eta itxaropen gutxi dute, era berean, ontziko aire-poltsen babesean norbait bizirik aurkitzeko. Sulpicio Lines itsasontzi konpainiak jakinarazi du 862 lagun zihoazela ferryan: horietatik 751 bidaiariak ziren, eta 111 eskifaiako kideak. Soilik 38 lagunek lortu dute bizirik ateratzea oraingoz, eta hamar hilotz aurkitu dituzte, bestalde.
Fengshen tifoiak asteburuan eragin duen ezbeharrik handiena da hori, agintariei jarraiki, baina herrialde osoan utzi du herio eta zauritu aztarna. Ferryko hildakoak aintzat hartu gabe ere, 224 lagun zendu dira gutxienez, eta 374 pertsona desagertuta daude. Herrialdeko erdialdea eta hegoaldea zartatu ditu batez ere. Iloiloko lurraldean, euriteek gogorrago jo duten eskualdean, 101 lagun hil ditu tifoiak. Neil Tupaz gobernadoreak hala azaldu du triskantzaren tamaina: «Iloilo ozeanoaren erakoa da. Gure historian izan dugun hondamendi handiena da». Milaka herritarrek etxeetako teilatuetan aurkitu dute babes bakarra, bila joango zaizkien esperoan. Manilatik pasatzean, zuhaitzak atera eta argindarra eten zuen tifoiak toki askotan. Milaka lagun etxeetatik atera dituzte oro har, eta eskualde ugaritara heltzea zaila da uholdeagatik.
Itxaropena desagertuz doa
Txalupa txikiak baliatuta, Princess of Stars ferryko 28 bidaiarik eta eskifaiako kideek erdietsi zuten itsaso zakarraren atzaparretatik ateratzea. Fengshen tifoiak eragindako olatu erraldoiek dantzan ibili zituen 24 ordutan, eta barruan zihoazen bi lagun itsasora erori ziren. Bondac lurraldera heldu ziren bizirik ateratzea lortu zutenak, ferrya amildu zen Sibuyan uhartetik 150 kilometro iparraldera. Bestalde, lau lagunek igerian lortu zuten kostaldera heltzea, eta argitzeke dago beste seik nola lortu zuten bizirik irautea.
Lau igerilariak Sibuyan uhartera heldu ziren, ferrya hondoratzen ari zenean uretara jausi eginda. Renato Lanorio izan zen horietako bat. Hark azaldu du larunbat goizean salbamendu txalekoa jartzea agindu zietela eskifaiako arduradunek, eta handik ordu laurdenera irauli zela ontzia. Kapitainak ebakuazioa agintzeko beta izan zuen ozta-ozta. «Askok salto egin genuen uretara, baina banandu egin ginen, olatu handiengatik», azaldu zuen Jesus Gicak, igerian atera zen beste batek. Beldur da jende asko itsasontziko bizkar nagusiak harrapatuta hil ote den. «Beste batzuk txalupak hartzeko gai izan ziren, baina alferrikakoa zen, haize indartsuak hankaz gora botatzen zituelako». Sulpicio Lines enpresako ferryak 23.824 tona zituen, eta 1.992 bidaiarirentzat lekua.
Ostiralean atera zen Manilatik, eta Cebu zuen jomuga. Nahiz eta eguraldi agentziek tifoiak Filipinak joko zituela iragarri, itsasontzia portutik ateratzen uztea egotzi die itsas arduradunei Gloria Arroyo presidenteak: «Nola utzi duzue ontzia irteten, eta zergatik ez zegoen ohartarazpen nahikorik? Argibideak nahi ditut». Konpainiako eledunek diote erreskate lanak direla orain lehentasuna, eta itsasontzi bat eta bi ontzi laguntzaile bidali dituzte ezbeharraren tokira, bilaketa lanetan laguntzeko. Horrez gain, gaur iritsiko da Okinawako basetik (Japonia) AEB Ameriketako Estatu Batuetako gerra itsasontzi bat.
Desagertuen heriotza egiaztatzen bada, itsas istripurik handiena izango da Filipinetan 1987.urtetik. Orduan ere Sulpicio Lines konpainia nahastuta zegoen. Doña Paz ontziak petroliontzi batekin egin zuen talka herrialdeko hegoaldean, eta 4.400 lagun hil ziren. Itsas nabigazioan historiako ezbeharrik latzena izan zen ordukoa. Halaber, 1998an eta 1988an ere konpainiako bi ontzi itsaspean nola desagertzen ziren ikusi zuten arduradunek, hurrenez hurren, 150 eta 250 lagun ontziekin batera itota. Ustelkeriaren eta Krimenaren kontrako Boluntarioak elkarteak galdegin du konpainiari lizentzia kentzea.
Filipinen erdialdean 35 gorpu aurkitu zituzten atzo, ur gainean, Burias Uharteetatik gertu. Claveriako alkate Eduardo Anduezak ez du ziurtatu ferryko bidaiarienak direnik, beste hainbat ontzi ere hondoratu zirelako tifoiagatik. Lake Paway izenekozamaontzitik eskifaiako 40 kide onik atera direla azaldu du Anduezak.
Filipinetan ferry bat hondoratu da eta 800 lagun desagertu dira
Soilik 38 lagunek lortu dute ezbeharretik bizirik ateratzea, eta 862 bidaiarietatik hamar lagunen gorpuak aurkitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu