Filipinetan, Sibuyan irla (Romblon eskualdea) parean, 845 lagun zeramatzan ferry bat hondoratu egin zen larunbatean Fengshen tifoiaren eraginez, eta orain arte bizirik atera dituztenak 28 direla jakinarazi dute gaur iturri ofizialek. Haietatik lau lagun irlako herri bateko kostan agertu dira eta besteak Quenzon eskualdekoan.
724 bidaiari zihoazen ferryan -50, adingabekoak-, eta tripulazioko 121 kide. Filipinetako Kostako Guardiak dio itsasontzia kostatik hiru kilometrora mugitu ezinik geratu zela larunbatean, eta orduan izan zutela harekin azkeneko hartu-emana. "Gutako askok salto egin genuen ferrytik. Olatuak izugarri handiak ziren eta euria gogotik ari zuen", esan du bizirik irten duenetako batek.
Hildakoak lau dira, oraingoz. Erreskate lanetan dabiltzanak besteen bila ari dira.
Fengshen tifoiak 195 kilometro orduko abiadura harrapatu du, eta Filipinetako erdialdean eta hegoaldean 155 hildako eragin ditu.
Mundua
Filipinetan hondoratutako ferrytik 28 lagun bizirik atera dira
Itsasontziak 845 pertsona zeramatzan, eta larunbatean izan zuen ezbeharra 'Fengshen' tifoiak eraginda. Oraingoz, lau pertsona dituzte hilda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu