Finlandiak, 60 urtean lehen aldiz, presidente kontserbadore bat izango du

Inkestek Sauli Niinisto eskuindarra jotzen dute garailetzat; Haavistori sozialdemokratek bizkar eman diote

Erredakzioa
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Finlandiako Gobernuko bi bazkide dira gaurko presidentetzarako lehian: Sauli Niinisto kontserbadorea eta Pekka Haavisto ekologista. Inkesten arabera, Niinisto Ekonomia ministro ohia da aukera gehien duena, eta lehen itzulian lortutako abantailari eutsiko diola diote. Irabazleak Tarja Halonen sozialdemokrata ordezkatuko du; Halonen sei urteko bi legealditan egon da.

Niinistok botoen %27 eskuratu zituen lehen itzulian, eta berdeen hautagaiak, %18,8. Adituek bigarren itzulia gogorra izango dela iragarri dute, baina azken inkestek diote Niinistok ez duela arazo handirik izango irabazteko. YLE telebista nazionalaren inkestak botoen %62 eman dizkio Kokoomus alderdiko liderrari. Lau boto- emaileetatik ia batek, ordea, oraindik ez daki zer bozkatu.

Ekologisten alde, berriz, gazteenek egingo dutela dio inkesta berak. Haavistok Ezkerren Aliantzaren botoen %88 ere eskuratuko ditu, baina Alderdi Sozialdemokrataren aldekoen %54 joango dira soilik berdeengana. Niinistoren alde egingo dute, berriz, boto-emaile kontserbadoreek, zentrokoek, demokristauek eta ultranazionalistek. Niinistok irabazten badu, 1956tik duen lehen presidente kontserbadorea izango du Finlandiak.

Eraso pertsonalak kanpainan

Lehen itzulian atzerri politika eta ekonomia izan ziren eztabaidarako gai nagusiak, baina oraingoan hautagaien bizitza pribatua izan da. Haavistori homosexual izatea eta bikotekidea Ekuadorkoa izatea kritikatu diote, eta Niinistori, berriz, bikotekidea askoz gazteagoa izatea. Ekologistaren kontrako salaketek, ordea, askoz indar handiagoa izan dute. Benetako Finlandiarrak eskuin muturreko alderdiko Timo Soini buruak berotu du giroa immigranteen kontrako mezuekin, berriz ere.

Iaz, Legebiltzarrerako bozetan hirugarren indarra izan zen, krisi ekonomikoa baliatuta ideia xenofoboekin konbentzitzea lortu ondoren. 200 eserlekutik 39 lortu zituen. Dena den, lehen itzulian nabarmen jaitsi zen: botoen %9,4 jaso zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.