EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Fiskalak banaketa hesiaren bidea aldatzea aholkatu dio Sharoni

Israelgo Auzitegi Gorenak 30 egun eman dizkio Gobernuari hesiari buruz azalpenak emateko

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Menachem Mazuz Israelgo fiskalak ostegunean Ariel Sharon Israelgo lehen ministroari aholkatu zion lurralde okupatuetan eraikitzen ari den banaketa hesiaren ibilbidea aldatzeko. Egun berean, Israelgo Auzitegi Gorenak 30 eguneko epea eman zion Gobernuari Zisjordaniako hesiaren ibilbidearen inguruan azalpenak emateko. Bitartean, Israelgo Armadak operazio militarrak egiten jarraitu zuen atzo. Gaza hegoaldeko Khan Junis hiriko errefuxiatu guneari eraso zion eta hainbat etxebizitza lurrera bota zituen.

Pasa den uztailean Nazioarteko Zigor Auzitegiak banaketa hesia legez kanpokotzat jo izanak Israelgo Gobernuaren aurkako zigorrak eragin ditzakeela jakinarazi zion Mazuz fiskalak Ariel Sharoni, informe baten bitartez. Fiskalaren ustez, «oso zaila da Nazioarteko Zigor Auzitegiaren erabakiak ekar ditzakeen ondorio negatiboak zeintzuk izango diren zehaztea». Baina Mazuzen arabera, «erabakiak Israelentzat errealitate politiko bat sortzen du nazioartekoan. Errealitate horren ondorioz, Israelen aurkako ekintzak has daitezke nazioarteko eztabaida-lekuetan, zigorrak eragiteraino». Gainera, nazioartearentzat hesia legez kanpokoa izateak Israelgo Auzitegietan hartuko diren erabakietan ere eragingo duela dio Mazuzek. Horregatik, fiskalak Gobernuko ordezkariei eskatu zien Israelek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren erabakiaren arabera jokatzen zuela ziurtatzeko. Banaketa hesia 1948ko armistizioan finkatu zen Lerro Berdearen barruan, hau da, lurralde israeldarretan, eraikitzeko ere galdegin zien Mazuz fiskalak Gobernuko ordezkariei informearen bidez. Honekin lotuta, Israelgo Auzitegi Gorenak Ariel Sharonen gobernuari 30 eguneko epea eman zion Zisjordanian eraikitzen ari den hesiaren inguruan azalpenak emateko. Nazioarteko Zigor Auzitegiak uztailaren 9an hesia legez kanpokotzat jo zuenean, lurralde palestinarretan eraikitzen ari zen hesia suntsitzea eta familia palestinarrei kalte-ordainak emateko eskatu zion Sharonen gobernuari. Nazio Batuen Erakundeak eskaera hori babestu zuen, baina Israelek ez du kontuan hartu. Izan ere, Sharonen arabera, hesiaren helburua kamikaze palestinarrek israeldarren aurka egiten dituzten erasoak saihestea da.Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Ministerioak atzo esan zuen Hamas taldeko ustezko bi kide atxilotu zituela. Mugimendu islamiarreko buruzagi politikoetako bat izan daitekeen pertsona baten atzetik ere bazebiltzala zehaztu zuen Washingtonek. Azken honek Israelen aurkako atentatuak finantzatu dituela uste du Justizia Ministerioak.

Eraso gehiago

Israelgo Armadak ostegun gauean beste eraso bat egin zuen Gaza hegoaldeko Khan Junis hiriko errefuxiatu gunean. Iturri palestinarren arabera, tanke eta helikopteroek zazpi etxebizitza suntsitu zituzten. Erasoan ez zen zauriturik izan.

Zisjordanian, Ramala hiriaren hegoaldeko Jirbit Al Misba auzoan Israelgo Armadak 9 pertsona atxilotu zituen. Iturri militarren arabera, atxilotuek harriak eta suziriak jaurti zizkieten soldaduei, herritik pasatzen ari zirenean. Atzo Haaretz egunkariak jakitera eman zuenez, Israelgo Armadak bi kokagunetatik kolonoak ateratzeko agindua eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.