Gerardo Pollicita fiskal federalak inputatu du Cristina Fernandez Argentinako presidentea, AMIA auziaren inguuruan Alberto Nisman fiskalak aurkeztutako salaketaren harira. Fernandezekin batera inputatu dituzte Hector Timerman Argentinako Atzerri ministroa, Luis D'Eñia buruzagi sindikala eta Andres Larroque diputatua.
Interes eta indar ilun ugari korapilatzen dituen auzi bat da AMIA Argentinako Elkarte Israeldarrarena. 1994an birrindu zuten haren Buenos Airesko egoitza, auto bat leherrarazita; atentatuan 85 lagun hil eta 300 baino gehiago zauritu ziren.
Argentinako komunitate juduak presio handia egin zuen erasoaren ondotik; hasieratik Hezbollah Libanoko alderdi xiitari egotzi zioten atentatua egitea, ustez Irango Gobernuaren aginduetara.
Nisman ere uste horretakoa zen. Nestor Kirchner presidentea zenak —gaur egungo presidentearen senarrak— 2004an izendatu zuen auzia zuzentzeko, eta hainbat goi kargudun salatu zituen —besteak beste, Fernandez presidentea eta Hector Timerman Atzerri ministroa—, atentatuaren egileen "errugabetasuna fabrikatzeagatik". Nisman urtarrilean hilik aurkitu zuten bere etxean, eta bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuten ikerketako iturriek.