Katalunia

Fiskaltzak 25 urte arteko zigorra eskatu du Kataluniako kontseilari ohientzat

Oriol Junqueras, Jordi Cuixart, Jordi Sanchez eta Carme Forcadelentzat eskatu dituzte zigorrik gogorrenak, "matxinada antolatu eta bultzatzea" egotzita. Aldiz, Estatuko abokatuak  hamabi urte arteko zigorrak eskatu ditu.

Auzipetuak auzitegira bidean, azaroan. KIKE HUESCA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 2a
07:02
Entzun

Iragarri moduan, matxinada deliatuari eutsi dio Espainiako Fiskaltzak, eta 25 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat. Beste auzipetuen kasuan, berriz, hamazazpi urteko kartzela zigorra galdegin du Omniumeko buru Jordi Cuixartentzat, ANCko presidente izandako Jordi Sanchezentzat eta Carme Forcadell Parlamentuko buru ohiarentzat.

"Matxinada bultzatu" eta "diru publikoa hura bideratzeko erabili izana" egozten diote Junquerasi, eta "matxinada zuzentzea" Sanchez, Cuixart eta Forcadelli.

Kontseilari ohien kasuan, berriz, hamasei urteko kartzela zigorra eskatu du Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohientzat eta zazpikoa Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vilarentzat. Espetxeratzeaz gain, kartzela zigorrak irauten duen bitartean indarrean izango da inhabilitazioa ere.

Mireia Boya, Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nueten kasuan, isun ekonomikoa eskatzen du fiskaltzak, desobedientziagatik. Horretaz gain, urte bat eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ere eskatu du.

Aldiz, Estatuko abokatuak baztertu egin du matxinada delitua, argudiatuta ez dela indarkeriarik egon. Horren ordez, sedizioa egotzi die auzipetuei eta kasu honetan ere Junqnquerasentzat izan da zigor eskaera gogorrena, hamabi urtekoa. Hamar urteko kartzela zigorra galdegin du Forcadellentzat, eta zortzikoa Sanchez eta Cuixartentzat; azkenik, hamaika urte eta erdiko zigorrak eskatu ditu bost kontseilari ohientzat.

Abokatuaren arabera, Junquerasek eta preso dauden bost kontseilari ohiek "sedizioa bultzatu eta zuzentzeko baliatu zituzten euren karguak".

Espainiako Justizia ministro Dolores Delgadok zehaztu du "behin-behinekoak" direla fiskaltzaren ondorioak, eta nabarmendu "profesionaltasunez egindako eta zuzenbidean oinarritutakoa" dela abokatuen lana. "Hau abiapuntua besterik ez da. Hurrengo urratsa ahozkoa saioa izango da", adierazi du Delgadok, eta ohartarazi prozedurak ez duela zerikusirik independentistek Madrili eman diezaioketen babes politikoarekin.

Oso bestelako ereakzioak eragin dituzte zigor eskaerek Euskal Herrian eta Katalunian. Lehenengoan elkarrizketaren aldeko deiari eutsi dioten bitartean, bigarrenean gezurretan aritzea leporatu diote estatuko fiskalari.

11 urte Traperorentzat

Matxinada deltitua egotzi dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Josep Lluis Traperori ere, eta 11 urteko kartzela zigorra eskatu du haren aurka. Kataluniako mossoen burua zen Trapero 2017ko irailean.

Fiskaltza Carmen Lamena epailea baino hurrunago joan da —sedizioa eta talde kriminal bateko kide izatea egotzi zion hark mossoen buruari—, eta matxinada delitua egin izana leporatu dio. Idatziaren arabera, "Kataluniako asmo independentistak aurrera eramateko oinarrizkoa" izan zen Trapero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.