Mohamed Badie Anaia Musulmanen liderra atxilotzea agindu du Egiptoko Fiskaltzak. Astelehenean bortxarako deia egin izana leporatzen diote Badieri, eta, horregatik, istiluetan hildakoen erantzukizuna egotzi diote, MENA informazio agentziaren arabera.
Horrez gain, Anaia Musulmanen beste goi agintari batzuen aurkako atxilotze agindua ere eman du fiskaltzak, tartean, Mahmoud Ezzat eta Askatasuna eta Justizia alderdiko Essam el-Erian eta Mohamed el-Beltagi. Gehad el-Haddad Anaia Musulmanen bozeramailearen ustez, fiskaltzaren helburua protestak isilaraztea da. Hala ere, Rabaa Adaweya mezkitatik egin ditu adierazpen horiek El-Haddadek, eta, hark baieztatu duenez, bertan daude fiskaltzak atxilotu nahi dituen zenbait lider.
Fiskaltzaren arabera, atxilotze agindua dutenak "ados jarri ziren" euren jarraitzaileei "bortxara" deitzeko, Guardia Errepublikanoaren egoitzaren aurrean astelehenean gertatutako istiluei erreferentzia eginez. Ordutik, 652 pertsona atxilotu dituzte, ustezko hainbat arrazoirengatik: erailketak, lehergailuen eta armen jabetza ilegala, segurtasun publikoari mehatxua eta errepideak moztea leporatzen dizkiete. Horietatik 446 aske utzi dituzte dagoeneko, eta gainontzekoek kartzelan jarraituko dute, ministeritza publikoak adierazi duenez.
Amnesty International erakundeak adierazi duenez, militarrek "botere gehiegikeria" erabili zuten asteleheneko istiluetan, euren informazio iturrien arabera.