Katalunia

Fiskaltzak ohartarazi dio Puigdemonti parlamentari immunitateak ez duela espetxeratua izatetik salbuesten

Espainiako fiskal nagusiak ohar batean adierazi du epaile baten aginduz atxilotu dezaketela JxC-ko zerrendaburua.

Kataluniako Parlamentuaren irudi bat. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
2018ko urtarrilaren 20a
17:07
Entzun

Astelehenean jakinaraziko du Kataluniako Parlamentuko presidenteak Carles Puigdemont inbestidurarako proposatuko ote duen. Ordura arte zurrumurruak dira nagusi. Espainiako Gobernuak ohartarazia du ez dutela onartuko Generalitateko burua modu telematikoan inbestitua izatea edota haren kargu hartzea ordezkari baten esku uztea.

Hala, aukera bakarra uzten dio Madrilek Puigdemonti, Kataluniara itzultzea, eta, zenbait iturriren arabera, haren abokatuek eurek ere ez dute halakorik baztertzen. Betiere, parlamentariek duten immunitatea baliatuta. Ordea, kasu horretan ere Junts per Catalunyako buruak espetxean amai dezake, Espainiako fiskal nagusiak ohartarazi duenez. Fiskaltzak ohar batean zehaztu duenez, Poliziak bere kabuz ezingo luke Puigdemont atxilotu, baina bai epaile batek aginduta.

Komunikatuak zehazten du badaudela beste hiru diputatu ere Puigdemonten eskubide berak dituztenak eta espetxean daudenak, eta gogorarazten du Generalitateko buruak "ihes" egin zuela eta atzerrian jarraitzen duela, argi utziz "bere delitu planarekin" jarraitzeko asmoa. "Ezin onartuzkoa da parlamentari immunitatearen irakurketa ineteresatua egitea zigorgabetasuna lortzeko".

Kataluniako Parlamentuak urtarrilaren 31ra arteko epea du Generalitateko burua aukeratzeko, eta orain-oraingoz badirudi Puigdemont dela kargu hori bereganatzeko aukerak dituen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.