Flandriar eta valoniarren bizikidetza erabakiko dute Belgikako bozetan

Flandrian, N-VA alderdi independentista da faborito; Valonian, berriz, sozialistak irtengo dira garaile, inkesten arabera

2010eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Belgikan gaur egingo dituzte Parlamenturako hauteskundeak, eta, emaitza edozein izanik ere, estatuaren erreforma izango da gobernu berriaren erronka handiena. Flandrian, N-VA Frantziako Aliantza Berria alderdia garaile irteten bada -independentistek inkestak alde dituzte-, egituraketa konfederala izango da Belgikaren desagertzea saihesteko aukera bakarrenetakoa. Estatua zatituko balitz, aldiz, frantziarren gehiengoak begi onez ikusiko luke Valoniak Frantziarekin bat egitea.

Yves Leterme jarduneko lehen ministroaren dimisioak eragin du Belgikako hauteskundeak aurreratzea. CD&V Flandriako Kristau Demokratak alderdiko kide Letermek iragan apirilaren 20an erabaki zuen kargua uztea, haren koalizio gobernuko partaide Open VLD alderdiak hura uztea ebatzi ostean. Koalizioaren haustea Brusela-Halle-Vilvoorde barruti mistoaren inguruko auzi minberari irtenbiderik aurkitu ez ziotelako gertatu zen. Krisi politikorik sortu ez balitz, hauteskunde federalak datorren urtean egingo lituzkete.

Gaur, Belgikako 7.726.632 herritarrek dute botoa emateko eskubidea. Belgikan botoa ematea derrigorrezkoa da, baina, azken inkesten arabera, hautesleen %10 inguru etxean geratzeko asmotan da. Hautesleen ia erdiek, berriz, ez dute oraindik argi noren alde egingo duten.

Koalizio gobernua

Parlamenturako hauteskundeek jakin-min handia eragin dute Belgikan; baina ez Belgikan bakarrik. EB Europako Batasuna ere bozek emango dituzten emaitzen zain da. Hurrengo EBko txandakako presidentetza, izan ere, Belgikari dagokio -datorren agorrilaren 1ean hartu beharko du lekukoa, Espainiaren eskutik-. Ordurako gobernu berria osatzea lortuko duten, haatik, ez da argi; eta adituak ezkor dira. Ezen, inkestek diotena betetzen bada, zail izango da koalizioa osatzea: bai Flandrian N-VA alderdi independentista nagusitzen bada; orduan, izan ere, frantses hiztunekin akordioa lortu beharko lukete, eta hori lortzea oso zail ikusten dute adituek.

Alta bada, iragarpenak gauzatuz gero, Flandriako historia politikoan lehendabizi, herrialdearen burujabetza aldarrikatzen duen indar politiko batek hartuko lieke aurrea gainerako guztiei. Joan den ostegunean argitaratu zuten inkesta baten arabera, Bart De Wever buru duen zentro eskuineko alderdi independentistak flandriarren botoen %24,4 eskuratuko ditu. Boto asmoaren berri emanez aurretik argitaratutako beste hainbat inkestaren arabera, berriz, N-VAk portzentaje hori baino zertxobait gehiago lortuko luke bototan: bi punturen bueltan egon dira inkesta denak, hala ere.

Gauzak horrela, Flandriakoak ez ezik, Parlamentu federaleko lehen indar politiko ere bihurtuko lirateke independentistak. Flandrian orain arte nagusitu diren CD&Vko kristau demokratak botoen %20aren azpitik geratuko lirateke, eta Sozialistak zein Liberalak oraino atzerago. Bestela, Vlaams Belang eskuin-muturreko alderdi independentistak botoen %10 baino gehiago eskuratu ditzake, azken aldiotan behera egin badu ere boto asmoan.

Valonian eta Brusela-Halle-Vilvoorden lehiatuko diren frantses hiztunen alderdiei dagokienez, PS Alderdi Sozialistak eskuratuko du boto gehien -%30 eta %34 bitartean, inkestei kasu eginez gero-, atzetik datozelarik MR Alderdi Erreformatzailea (%20 inguru), Ecoloalderdi ekologista (%18 eta %19 artean) eta CDH Zentro Demokrata Humanista (%16 inguru).

Flandrian N-VA irteten bada garaile, eta Valonian zein Brusela-Halle-Vilvoorden, aldiz, sozialistek eskuratzen badute boto gehien, koalizio gobernua eratzeko lan nekezari ekin beharko diote. Politikan aditu direnen ustez, agintea eratzeko aukera bakanetakoa litzateke N-VAk gobernuko buruzagitzari uko egitea; hala, frantses hiztunak ordezkatzen dituzten alderdiei utzi beharko lieke hura zuzentzeko ardura. Hala gertatuta ere, gobernu berriak Flandriako alderdien presioa izango luke; alegia, Belgika estatu konfederal bihurtzeko ahaleginak egin beharko lituzke exekutibo berriak.

Eskumenak jokoan

Flandriako indar politiko gehienek eskualdearen autonomia handitu nahi dute, oraindik aginte federalaren eskudiren hainbat eskumen bereganatuz. Flandriak bere egin nahi duen eskumenetako bat da gizarte segurantza. Aldiz, frantses hiztunek ez dute aukera hori entzun ere egin nahi. Indarrean den egituraketan, gizarte segurantza eskumen federala denez, Valoniak eta Bruselak baino diru nabarmen gehiago sartzen du Flandriak kutxan, ekonomia sendoagoa baitu hark, eta makalago baitabiltza bertze biak.

Horregatik, Flandriak bere gizarte segurantza sistema izango balu, frantses hiztunak nagusi diren eskualdeen kalterako litzateke aldaketa. Gauza bera gertatuko litzateke Flandriak zerga autonomia handia eskuratuko balu-zerga sistema aldatzearena ere, flandriarren aldarrikapenen artean dago-.

Egituraketa federal bat lortzeko ahaleginean porrot egingo balute eta, beraz, Flandriak independentzia lortuko balu, Valoniak Frantziarekin bat egitea begi onez ikusiko lukete frantziar gehienek. Izan ere, France Soir egunkariak joan den ostegunean argitara emandako Ifop inkestaren arabera, frantziarren %66 bat-egitearen alde leudeke. Belgikako mugan dagoen Nord-Pas-de-Calais eskualdeko bizilagunen artean, berriz, herritarren %75 daude alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.