Korsika

FLNC indarkeriara itzuli da: bere gain hartu du atentatu saiakera bat

Talde armatuak hilabete hasieran Frantziako Estatuari egindako mehatxua bete du.

FLNCko militanteak, hilabete hasieran emandako prentsaurrekoan. BERRIA
ander perez zala
2021eko irailaren 30a
13:05
Entzun

FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea Mediterraneoko irlako eguneroko politikora itzuli da, eta bete egin du hilabete hasieran Frantziako Estatuari egindako mehatxua: indarkeriara itzultzearena. Hala, talde armatuak bere gain hartu du Korsika hego-mendebaldeko Capo di Fenoko atentatu saiakera, lau bungalowren kontrakoa; duela hiru bat aste egin zuten, eta poliziek lehergailuak indargabetu zituzten.

Irailaren 2an, FLNCk Korsikako bozen balorazioa egin zuen, eta mezu argia helarazi: bakearen bideak «huts egin» duela, eta mugimendu nazionalista boterean egoteak ez duela «ezer aldatuko». Iragan ekaineko hauteskundeetan, zerrenda autonomistek eta independentistek botoen %68 bildu zituzten denera, eta Gilles Simeoni berriz aukeratu zuten irlako gobernuburu.

Prentsaurreko horretan, FLNCko bi adarrek —Borrokalarien Batasuna eta Urriak 22— komunikatu bateratua aurkeztu zuten, eta Simeonirentzako kritikak ere izan zituzten: klan politiko berri bat sortzea egozten diote, eta «Nazio Askapenerako Borrokaren anbizioak sakrifikatzea» bozetako garaipenaren truke.

Hain justu, talde armatuak bere gain hartu duen eraso saiakera agerraldi horren aurretik egin zuten, eta ez dago argi zergatik ez zuten horren berri eman adierazpenean; ezta atentatu bakarra izango den ere, ala gehiago egingo dituzten datozen hilabeteetan.

Aldarrikapen horren berri emateko komunikatuan, FLNCk «espekulazioaren» kontrako mezu argia helarazi du, eta kritikatu egin du Korsikako gazteek ezin dutela «bizitzeko eta ustiatzeko» lurrik aurkitu.

2014an Simeoni Bastiako auzapez hautatu zutenetik, gora baizik ez du egin Korsikako mugimendu nazionalistak, eta arrakasta besterik ez du ezagutu hauteskunde bakoitzean, nahiz eta bidean desadostasunak gero eta agerikoagoak bilakatu diren. Halere, nazionalismoko sektore guztiek argi dute orain arteko garaipenak oso garrantzitsuak izan direla, eta FLNCk ahalbidetu zuela joera hori, 2014an armak uztea erabaki zuenean.

Hala, 2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: urte hartako abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat jarri zen boterean Mediterraneoko uharte horretan, bozen bigarren itzulian autonomistek eta independentistek aliantza bat eginda. Simeoni hautatu zuten presidente, eta Jean-Guy Talamoni legebiltzarreko presidente.

Nazionalisten onarpena hasi besterik ez zen egin 2015eko abenduan. 2017ko ekainean, lautik hiru diputatu lortu zituen nazionalisten koalizioak, Pe a Corsicak, Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, eta, horrekin batera, Parisi mezu argi bat bidali zioten: mugimendua zabaltzen ari dela Korsikan, eta emaitzak kontuan hartzeko modukoak direla. Eliseoan, ordea, ia jaramonik ez korsikarren aldarrikapenei, azken lau urte eta erdian bezala.

Sei hilabete geroago, herritarrak berriz deitu zituzten bozkatzera, 2017ko abenduan, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko. Pe a Corsicaren helburua, argia: orain arteko joerari eustea, eta ahalik eta indar gehien lortzea. Emaitza sekulakoa izan zen: gehiengo osoa lortu zuten, eta inoizko boto eta eserleku gehien.

Horren ostean, eta lehenengoz, ordezkari bat bidali zuten Frantziako Senatura, iaz; eta, aurten, botoen %68 biltzearekin batera, Simeoniren alderdiak aulkien gehiengo osoa eskuratu zuen.

Korsikako gobernuburuak hainbatetan errepikatu du FLNC indarkeriara itzultzeko aukera egiazkoa zela, Frantziako Gobernuak ezezkoa ematen dielako mugimendu nazionalistaren aldarrikapenei: autonomia estatusa; korsikera koofiziala izatea; «preso politikoen» amnistia; eta egoiliar estatusa finkatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.