«Mundu osoarentzako jendarmea AEBetako presidentea baldin bada, zergatik ez dugu aukeratzen munduko herritar guztien artean?», galdetu zuen 2000ko hauteskundeen garaian Vazquez Montalban idazle katalanak. 2004koetan ere ez da horrela izango, estatubatuarrek bakarrik hartu ahal izango baitute parte bozketa horretan.
Zenbatek hartuko ote du parte, ordea, aurtegoetan? Duela lau urtekoetan, Bush errepublikanoa eta Al Gore demokrata lehiatu ziren haietan, botoa emateko adinean zeuden herritarren %51,21ek hartu zuten parte hauteskundeetan. Ez da emaitza txarra, kontuan hartuta urte batzuetan zenbait kasutan herritarren erdiek ere ez dutela parte hartu izan aukeraketan. Clinton, bigarren aldiz irabazi zuenean (1996an, Bob Doleren aurka), %49ko parte-hartzearekin nagusitu zen.
AEBetan hauteskundeak dauden aldiro eman beharra dago izena hauteskunde batzordean, bozkatu nahi izanez gero. Baina izena ematen dutenen laurdenek ez dute azkenean parte hartzen bozketan. Horregatik, AEBetako terminologia politikoan bi abstentzio era daude: herritarrena eta bozkatzeko izena eman dutenena. Unibertsitate batzuek, konparazio batera, politikan parte hartzeko ardura ikasle artean zabaldu nahian, behartu egiten dituzte ikasleak hauteskunde batzordean izena ematera.
'Haurdunaldia'
Oso borrokatuta datoz aurtengo hauteskundeak. Inoizko borrokatuenak esango dute askok, baina inoizko borrokatuenak 2000koak izan ziren; ez, hala ere, normala den bezala kanpainan, baizik eta hauteskundeak bukatu eta hurrengo egunetan. AEBetako historia politikora pasatuko da Florida estatuko emaitzen kontaketaren inguruan izandako istilua: desagertutako boto txartelak, boto txartel haurdunak, kontaketa mekanikoa, eskuzko kontaketaÉ Horrenbesterainokoa, non zabaldutako negoziazioetara bi aldeek goi mailako negoziatzaileak bidali zituzten: errepublikanoek James Baker eta demokratek Warren Christopher. Biak Estatu idazkari ohiak.
Bush oraingo presidente errepublikanoa Kerry demokrataren aurretik joan da inkesta gehienetan kanpaina hasi zenetik, duela bederatzi hilabetetik. Kerry, gehienez, hobekien ibili den unetan hurbiltzera bakarrik iritsi da. Demokraten konbentzioa bukatu eta hurrengo bizpahiru egunetan soilik joan zen aurretik, eta puntu pare bateko aldearekin. Normalean, konbentzioak ematen duen irudi indarra baliatuta, dozena erdi puntuko aldea atera izan dio hautagai demokratak errepublikanoari, nahiz egun gutxi iraun alde fiktizio horrek. Kerry horretara ere ez da iritsi. Baina kanpaina aurreratu ahala Bushek ez du lortu inkestetan Kerry erabat atzean uztea, eta horrek botoa oraindik erabaki gabe daukatenen esku utz lezake presidentearen aukeraketa. Bush azaroko lehen asteartera nahikoa abantailarekin iristen ez bada, demokrata izan liteke presidente berria.Presidentea izan eta berraukeraketara aurkezten denaren abantailarekin jokatu du Bush semeak. Aurkaririk ez zuen izan Alderdi Errepublikanoaren primarioetan, eta alderdian denek zeukaten oso garbi presidentea bera izango zela hautagai bakarra. Kerryk, ordea, hutsetik hasi behar izan du lasterketa. Lehendabizi alderdiko primarioetan borrokatu behar izan zuen izendapena nahi zuten beste alderdikideekin. Lehen fase horretan diru kopuru handiak gastatu behar izan zituen hautagai nagusia izateko, kontuan hartuta lehen emaitzak primario horietan ez zituela oso onak izan. Primarioetako estatu erabakigarriak iritsi zirenean hasi zen nagusitzen Kerry, eta horren ondorioz erortzen joan ziren banan-banan lehiakide guztiak, bera bakarrik gelditu arte.Kerry indarrak eta dirua xahutzen ari zen bitartean, Bush dirua biltzen hasi zen, barne aurkaririk ezean. Normalean, errepublikanoek diru pribatu gehiago bildu izan dute demokratek baino. Ez da ahaztu behar hautagai bakoitzak ordaindu behar izaten duela bere kanpaina, eta alderdiak emandako dirua oso urria izaten dela. Alderdiak hauteskunde makina hutsak dira AEBetan, eta behin hauteskundeak bukatuta hibernatu egiten dute hurrengoak iritsi arte.
Ezustekoetarako aukera
Zirrikitu negoziatuak dauzkaten lege zorrotzek mugatzen dituzte diru laguntza pribatuak. Aurtengo abuzturako, hauteskunde eguna baino bi hilabete lehenago, gaindituta zeukaten bi hautagaiek duela lau urte orduko hautagaiek bildutako dirutza. Soros aberats eta espekulatzaile finantzieroa da demokraten alde publikoki diru gehien gastatzen ari dena. Denetara, 20 milioi euro jarri ditu Kerryren aldeko kanpainan. Lege berriaren arabera, Sorosek ezin izango zion diru hori Kerryri eman hautagai demokratak erabil zezan. Baina herritar batek, edo erakunde batek, edo enpresa batek, nahi adina gasta lezake berak egindako kanpaina ordaintzen. Mugatu egin da hautagaiak bil dezakeena; ez, ordea, bere alde besteek egin dezaketena. Zirrikitu hori erabili du Sorosek.
Azaroaren 2ko gauean jakingo da zein izango den munduko jendarmea hurrengo lau urteotan. Betiere CNNk egindako inkestan ageri diren emaitzak betetzen ez badira. «Espero al duzu irregulartasunik datozenbozketetan?» galdera eginda, botoa eman dutenen %84k espero dituztela erantzun dute, eta %16k ez dituztela espero. CNNko erabiltzaileek asmatzen badute, emaitzak 2an ez, baino hurrengo egunetan jakingo dira. Florida gogoan zaitugu.
Florida gogoan
Duela lau urte botoak zenbatzeko izan zen istilua historiara pasatuko da; berriz gertatzeko arriskua ere badago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu