AEB-ak

Floridako eraikinaren hondakinetatik 150 desagertuak bizirik ateratzeko itxaropena urritzen ari da

Dagoeneko 11 gorpu atera dituzte, baina joan den ostegunetik ez dute inor bizirik erreskatatzea lortu. Erlojuaren kontra ari dira, «mirariz» bizirik irautea lortu duen baten bat atzeratzeko itxaropenez.

Erreskate taldeak, atzo, eraikinaren hondakinetan lan egiten. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 29a
09:59
Entzun

Hasieran uste baino askoz handiagoa izaten ari da Floridan (AEB) eroritako eraikinaren tragedia. Hamabi pisuko eraikin bat lurreratu zen ostegunean, Miami hirian. Hasieran hildako bat zegoela adierazi zuten arren, hildako kopurua handituz joan da, eta dagoeneko 11 dira hondakinetatik atera dituzten gorpuak. Baina badirudi bilaketa lana askoz larriagoa izango dela, 150 pertsona galduta daudelako oraindik, eta, denbora pasa ahala, gero eta txikiagoa delako inor bizirik ateratzeko itxaropena.

Hondakinen azpian «mirariz» bizirik iraun duen baten bat aurkitzeko «jo eta ke» ari direla esan dute erreskate operazioaren arduradunek. Hondakinetan agian geratu diren aire poltsak aurkitzeko itxaropena dute, eta horietan jendea bizirik. Baina joan zen astean suhiltzaileen buruak argi esan zuen eraikina «talo bat bezala» erori zela bere buruaren gainean, eta horrek tarteak geratzeko aukerak murrizten zituela.

«Jarraituko dugu etengabe lan egiten edozein aukera agortzeko», esan du Miami-Dade konderriko alkate Daniella Levine Cavak.

38 metroko lubaki bat egin dute, 12 metro sakon, ikusteko aire poltsak geratu ote diren. Txakurrak erabiltzen ari dira jendea topatzeko, eta bizirik egon daitekeen inoren hotsak atzemateko tresnak. Baina, oraingoz, ez dute giza soinurik entzun.

Champlain Towers South eraikinak 136 apartamentu zituen. Horietako 55 erori ziren. Larunbatean zabaldu zuten txosten baten arabera, eraikinak «akats larri bat» zeukan diseinuan, eta, horren eraginez, oinarriak ez zuen ura behar bezala kanporatzen. Eraikinak arrakala asko zituela gaineratzen zuen txostenak. Floridako unibertsitate bateko ikertzaileek iaz ondorioztatu zutenez, eraikina bi milimetro hondoratu da urtean, 1990eko hamarkadatik. Izan ere, padura batean eraiki zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.