Floridako garaipen zabalak sendotu egin du Mitt Romneyren hautagaitza

AEBetako errepublikanoek Nevadan egingo dute hurrengo 'caucus'-a, datorren larunbatean

Ane Urrutikoetxea.
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohia Floridako hauteskundeetako irabazle argia izan da. Botoen %46,4 lortuta, Alderdi Errepublikanoaren AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetza lortzeko hautagai faborito bilakatu da. Oraindik bide luzea gelditu arren, Romneyk Floridako 50 ordezkariak bereganatu ditu, eta gainontzeko hautagaietatik aldendu da. Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohi eta Romneyren aurkari nagusiak ez du arrakasta handirik izan Floridako bozetan, ez duelako delegaturik bereganatu, botoen %31,9 lortu arren. Gainontzeko hautagaiek, Rick Santorumek eta Ron Paulek, ez dute Floridako hauteskunde kanpainan parte hartu; Santorumek botoen %13,4 lortu ditu, eta Paulek, %7.

Romneyrentzat Floridan lortutako arrakasta garrantzitsua da,berriz ere primarioetako lehen postua bereganatu duelako. Hego Carolinan egindako aurreko bozetako porrotaren ondorioz, Gingrichek aurrea hartu zion, Romneyk baino ordezkari gehiago bereganatuz.

Floridan, Romneyren alde egin dutenen gehienak emakumeak, hispanoamerikarrak eta pentsiodunak izan dira; errepublikanoen sektore kontserbadoreenak, berriz, Gingrich saritu du. Inkesten arabera, krisi ekonomikoa eta Barack Obama AEBetako presidentea ordezkatzea dira hautesle errepublikanoen lehentasunak. Obamaren aurka argien hitz egin duen hautagaia Romney da, baina ekonomiaren inguruan esandakoak haserreak piztu ditu. Atzo bertan, txiroengatik ez dela kezkatuko adierazi zuen telebista saio batean: «AEBetako herritarren gehiengoak osatutako klase ertainaren beharrak zainduko ditut, ez dago txiroenengatik kezkatu beharrik, gizarteak babes sare bat duelako haientzat».

Romneyk bere hautagaitza sendoa dela erakutsi beharko du datorren larunbatean, Nevadan egingo den caucus-ean. Ez dago argi zein izango den faboritoa, caucus-etan alderdikideak ez diren herritarrek ere bozkatu dezakeelako. Mormoiek Nevadako biztanleen %12 osatzen dute, eta babes zabala eman diezaiokete Romneyren hautagaitzari, baina Gingrichen alde egiteko prest dago estatuko errepublikanoen sektore kontserbadore zabala. Bestalde, Paulek ere emaitza onak lortzeko aukera du Nevadan, caucus-etan arrakasta izan ohi duelako, eta hauteskunde kanpainako indarrak estatu horretara bideratu ditu.

Desabantaila ekonomikoak

Gingrich ez da kikildu Floridako porrotarekin, eta emaitzak jakin eta berehala agertu da bere jarraitzaileen aurrean 46 estatu gelditzen dira leloarekin: «Orain argi gelditu da errepublikanoen lehia biren artekoa izango dela; Massachusettseko moderatuaren eta nire artekoa, alegia». Hala ere, Gingrichek desabantaila ekonomiko nabarmena dauka Romneyren aldean, eta horrek hauteskunde kanpainaren emaitzei eragin diezaioke. Romneyk diru iturri pribatu zabalak kontrolatzen ditu, eta AEBetako presidentetzarako hautagai aberatsenetakoa da. Oraindik 16 milioi euro ditu kanpainan erabiltzeko, gehiena finantzen mundutik lortua. Gingrichi berriz, soilik 2,1 milioi euro gelditzen zaizkio, eta jada 1,2 milioi euroko zorra bildu du. Romneyk orain arte gastatutako diru kopurua Gingrichek erabilitakoa baino hamar aldiz handiagoa da, eta haren kanpaina hobekien prestatuta dagoena da.

Presidentetza lortzeko errepublikanoen lehia aurrera doan heinean, hautagaiek elkarren aurka gogorrago egiten ari dira. Orain arte, Romney izan da barne eztabaidatik kanpo gelditu den bakarra, eta Obamaren aurka egitera bideratu ditu indar guztiak: «Errepublikanoen arteko lehia honek indartu egiten gaitu. AEBen arima salbatzeko dira hauteskundeak, eta ziur nago nire hautagaitzak Obamaren garaiarekin amaitzeko balioko duela». Dena den, jarrera horrek emaitza txarrak eragin zituen Romneyren Hego Carolinako kanpainan, eta beraz, Gingrichen iragarki negatiboei erantzutea erabaki zuen Floridako bozen aurretik.

Europak krisi ekonomikoari aurre egiteko erakutsitako ezintasuna ere kanpainan aurka egiteko gaia bihurtu da hautagaien artean. Europako politika sozialak fama txarra du errepublikanoen artean, eta batzuek Obamari leporatu diote AEBak Frantziako eredura eraman nahi izatea. Romneyk denboraldi luzea igaro zuen gaztetan Frantzian, mormoi misiolari lanetan, eta Gingrich gertaera horretaz bailatu da Romneyri eraso egiteko, «sozialista europarra» dela salatuz.

Obamaren lehiakide

Obamari ere, sozialismoa defendatzea leporatu diote azkenaldian, baina demokratek entzungo egin diete salaketei. Orain arte, errepublikanoen hautagaien arteko lehiak ez du asko kezkatu AEBetako presidentea, inkesten arabera, inork ez duelako demokraten buruari aurre egiteko indar nahikorik.

Dena den, Romney geroz eta jarraitzaile talde zabalagoa lortzen ari da, eta gehienek duten helburu nagusia presidentetza berriz ere errepublikanoen eskuetara itzultzea da. Romneyren diru iturriek hautagai sendoena bilakatu dute. Hala ere, Obamaren finantzak errepublikanoarenak soberan gainditzen dituzte, 62 milioi euro dituelako kanpainarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.