Salvador Sanchez Cerenek sei mila boto baino gehiagoren aldea atera dio Norman Quijanori, El Salvadorko presidentetza hauteskundeen bigarren itzulian. Eta, botoen %90,90 zenbatuta, nahiz eta FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen hautagaiak gehiengoa segurtatua izan, Hauteskunde Batzorde Gorenak ez du ofizialki irabazlerik eman, aldearen estuagatik.
FMLNk agintean jarraituko du El Salvadorren, baina alde txikiagatik. Sanchez Cerenek 1.492.805 boto jaso ditu (%50,11), eta Quijanok 1.486.448 (%49,89). FMLNren presidentegaiak irabazle gisa hitzaldia egin du dagoeneko, ofizialki garailerik eman ez duten arren, baina Arena eskuin indarreko hautagaiak ere irabazletzat jo du bere burua, eta "iruzurra" salatu du.
Hamar hauteskunde mahaitako agirien faltan, 3.000 boto inguru guztira, FMLNren hautagaiak Mauricio Funesek lekukoa hartuko du emaitzak ofizialtzat ematen dituztenean. Gerrillari ohi bat, beraz, estatuaren buru aukeratu dute El Salvadorko herritarrek. Sanchez Ceren, izan ere, 1970ean FPL Askapen Indar Herrikoietako kide egin zen, gero FMLN sortuko zuten bost indarretako bat.
Norman Quijanok, ordea, ez du onartu FMLNren hautagaiaren garaipena. Eskuinaren hautagaiak salatu du Hauteskunde Batzorde Gorenak ez dituela aintzat hartu "Arenari garaipena ematen zioten 235 hauteskunde agiri".