Kataluniako erreferenduma

Forcadell debekuaren ostean: "Guztiari buruz hitz egingo da Legebiltzarrean"

Espainiako Auzitegi Konstituzionala. ZIPI, EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2017ko urriaren 5a
08:37
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du Kataluniako Legebiltzarrean astelehenean egitekoak ziren osoko bilkura. Erreferendumaren ondorioak aztertzekoak ziren bertan, eta independentzia aldarrikapena eragotzi nahi du Auzitegiak.

PSCk gaur goizean aurkeztu du erregu helegitea, osoko bilkura horretan independentzia aldarrikatu balitz, hori Konstituzioa "erabat haustea" eta diputatuen eskubideak "anikilatzea" litzatekeela argudiatuta. Gainera, Konstituzionalak emandako agindua "jakinaren gainean" ez betetzea izango litzateke plenoa egitea, PSCren ustez, Konstituzionalak Erreferendumerako Legea baliogabetu baitzuen. Auzitegiaren ustez badago nahiko arrazoi PSCren helegitea onartzeko. Behin- behinena hartu du, eta kautelazko neurri gisara, bertan behera utzi du osoko bilkurarako deialdia.

Carme Forcadell Legebiltzarreko Mahaiko presidenteari eta bertako kideek jakinarazi die agindua Konstituzionalak, eta esan die beraien egitekoa dela agindua betearaztea. Halakorik egin ezean, zigorrak jaso ditzaketela ohartarazi die, gainera.

Bilera oraindik ofizialki deitu gabe dagoela salatu du aurrena Forcadellek, eta gero esan du, oso larria dela bilera galaraztea. Kataluniako Legebiltzarrean guztiari buruz hitz egiten jarraituko dutela ohartarazi du, "ez zaio atea zabalduko zentsurari".

Asteleheneko plenoan igandeko erreferendumaren ondorioak aztertu eta haiek nola ezarri aztertzekoak dira. CUPek argi esan zuen, independentzia aldarrikatzeko dela.

Astelehenean mobilizatzeko deia egin du ANCk. Konstituzionalak Legebiltzarraren plenoa debekatu ostean, kalera ateratzeko deia egin die elkarteak bertako kideei. Ez du deialdi publikorik egin, momentuz, baina barne mezu bat igorri du, eskatuz orain arte egin bezala kalera ateratzeko "eskubideak eta askatasunak defendatzera".

Igandean botoa ematera joan zirenen jarrera txalotu du, eta baiezkoaren garaipena "oso handia" izan zela dio. Baina, jarraitu beharra dagoela dio, eta elkarteko kideei eskatu die prest egoteko mobilizaziorako. "Behar den lekuan, edozein momentutan, ahalik eta mobilizazio handiena gure Legebiltzarraren eta independentzia aldarrikapenaren alde", dio testuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.