INDEPENDENTZIA

Francisco Alaman, Espainiako Armadako koronela: "Armadak esku hartuko du inork independentzia aldarrikatzen badu"

Kataluniako nazionalisten independentzia proposamenek Espainiako militarraren artean "ardura eta haserrea" sortu dutela adierazi du Francisco Alaman koronelak: "Espainiaren osotasuna gure biziarekin defendatzea zin egin genuen". 

2012ko irailaren 1a
18:49
Entzun

Francisco Alaman Castro Espainiako Armadako koronelak adierazpen gogorrak egin ditu eskuin muturreko AlertaDigital webgunean. Espainiaren lurraldetasuna defendatzeko "bere bizia" emango duela adierazi du, eta armadako kide "gehienak" bat datozela berarekin. "Armadak esku hartuko du inork independentzia aldarrikatzen badu".

Kataluniako Sant Pere de Torello herriko udaletxean datorren astean onartzekoak diren independentzia aldarrikapenak sutu du ofiziala: "Zigor Kodeak traiziotzat jotzen du hori, eta horrek alde bozkatzen dutenak atxilotzea ekarri behar luke".

Espainia 1.500 urtez batuta egon dela esan du Alamanek, eta Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoak "asmakizun hutsa" direla. Ez hori bakarrik, Kataluniako nazionalismoa "Espainiarekiko gorrotoan" oinarriturik dagoela gaineratzen du.

"Ardura eta haserrea sentitzen dugu militarrok horrelakoak entzutean", dio Alamanek, eta erantsi "Espainiaren osotasuna defendatzeko" euren bizia eskaintzeko prest daudela zin egin zutela.  "Espainia ez da Yugoslavia edo Belgika; Espainiaren historia heroiez beterik dago, bizi arriskuan jardun ziren hainbat heroiez. Konstituzioaren aurkako erasoren bat egin nahi duenak ez du erraza izango. Lehoiak lo dirudi, baina mendeetan zehar erakutsi du xaxatuz gero zer egiteko gai den".

Autonomien eredua errudun

Mugimendu abertzaleen gorakadaren errudun "autonomia eredua osatzerako orduan ezarri ez ziren mugak" jotzen ditu Alamanek. Antza, ereduak ez ditu Estatuaren "zerizana" arriskuan jartzen duten puntuak mugatzen: "Katalunia eta Vascongadetako hainbat herri eta eskualdetan ez dago Estatuko ordezkaririk, ezta funtzionari bat bera ere. Galizia eta Nafarroa arteko 650 kilometroak eginda jasotzen da triskantzaren berri; izan ere, bide horretan bost erkidego autonomiko topa daitezke".

Koronelaren hitzetan, konstituzioak, "anbiguoa den arren", argi uzten du "separatista katalanen" nahien aurrean Armadak zein jarrera hartu behar duen: "Armadak nazioaren zerbitzura egon behar du, eta ez berau suntsitu nahi dutenen mendean". Areago doa adierazpenekin, eta dioenez, egungo egoerak 36koaren antz handia du, "baina odolik isuri gabe".

"Ez dut zalantzarik milioika espainiarrek ez luketela dudarik egingo Espainiaren alde euren bizitzak emateko. Militarrak lehenak; bai behintzat nik ezagutzen ditudanak" esanda amaitzen du elkarrizketa. 

Erreakzioak

ERCk Espainiako Defentsa ministroaren agerraldia eskatu du kongresuan. Solidaritat per la Independenciak berriz, ofiziala atxilotzea eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.