Francisco Franco ez zen diktadorea izan. Hala dio Espainiako biografien entziklopediak, Historiaren Akademiak egindakoak. Luis Suarezek egin zuen Francoren biografia, eta polemika eragin zuen, ez baitzuen diktadoretzat jo. Francisco Franco fundazioko kidea da Suarez eta bere garaian haren administrazioko goi kargua izan zen. Akademiari biografia aldatzeko eskatu zioten hainbat alderdi eta eragilek, sikiera beste bertsio bat ere egiteko. El Pais-ek dakarrenez, eztabaida bukatutzat eman du erakundeak, aldaketarik iragarri gabe: "Biografien entziklopedian dauden biografien alternatibarik ez da izango".
Egokituko duten gutxiren artean, aipamen batzuk eta erredakzio osagarri bat egongo dira, baina betiere biografien egileen baimenarekin.
50 bolumeneko lana da Espainiako biografien entziklopedia, eta guztiak inprimatzean argitaratuko dute. Lanerako 6,4 milioi euro bideratu zituzten aurreko legealdiko Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Industria ministerioek. Iazko uztailean, ordea, Kongresuak diru laguntza etetea erabaki zuen, PP ez beste talde denen botoekin. Izan ere, Francoren biografiarekin eta Espainiako Gerrako beste militar batzuenekin ez zeuden ados. Baina Historiaren Akademiak ez du atzera egin.
PSOE, Izquierda Plural eta ERCk Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren agerraldia eskatu dute.