"Frantzia zerbitzatzea, berritzea eta haren nortasuna babestea". Horiexek dira François Fillon Frantziako lehen ministro berriaren asmoak. Hala adierazi du behintzat, Nicolas Sarkozy presidenteak kargurako izendatu duela jakin eta ordubetera egin den kargu-hartze ekitaldian. Dominique de Villepin aurreko lehen ministroak parte hartu du ekitaldian, eta zorte ona opatu dio.
Sarkozy presidente berriak uste zen bezala jokatu du lehen ministroa hautatzerakoan, hurbileko laguntzaile eta kanpainan aholkulari politiko izan baitu Fillon. Horrenbestez, iritzi publikoan zein analisten artean hitzetik hortzera zebilena bete da. Hamarrak baino zertxobait lehenago jakinarazi du Sarkozyk Fillon aukeratu duela gobernuburu izateko, eta hamaiketan hartu du kargua.
"Hartu ditugun konpromiso denak errespetatuko ditut. Bizitza politikoaren berriztatzeak prezio hori dauka", esan du Fillonek. "Guztiak" entzungo dituela adierazi du, "mugimenduan dagoen Frantziak guztiak behar dituelako".
Lehen ministro berriak 53 urte ditu, eta ibilbide luzea politikagintzan. Hala, Frantziako Asanbleako diputatu gazteena izan zen 1981ean RPRren ordezkari izendatu zutenean. Sablé-sur-Sartheko jaioterriko alkate izan da (1983-2001), Loiorako eskualdeko presidente eta senadore. Horrez gain, hainbat gobernutan ministro kargua izan du, zehazki, Balladour, Juppe eta Raffarin lehen ministroekin. Halaber, 2003an Chirac presidenteak egin zuen pentsio erreformaren gidaria izan zen.
Fillonek gaur hartu du kargua, eta datozen orduetan jakingo da nortzuk osatuko duten gobernua. Sarkozyren inguruko iturrien arabera, Alain Juppe lehen ministro ohia izango da gobernuko bigarrena, eta Michelle Alliot-Marie egungo Defentsa ministro eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapez ohia Barne ministroa.
François Fillon izendatu du Sarkozyk Frantziako lehen ministro
Sarkozyren aholkulari politikoa izan da Fillon kanpainan. 2003ko pentsio sistemaren erreformaren gidaria izan zen. Hurrengo orduetan jakingo da gobernuko beste kideak nortzuk diren. Iturri batzuen arabera, Alliot-Marie Donibane Lohizuneko auzapez ohia izango da Barne ministroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu