François Hollande: "Orain hasten da proposatutako aldaketa"

PSko kideak hezkuntzarekiko konpromisoa berretsi du Frantziako presidentziarako hauteskundeak irabazi ondorengo lehen hitzaldian. Laikotasuna eta berdintasuna ere izan ditu hizpide, eta murrizketek ezin dute ongizatea zapuztu adierazi du. Maiatzaren 6a Frantziarentzat hasiera berri baten eguna izan behar duela esan du, eta Europarentzat, "itxaropen berri bat".

2012ko maiatzaren 7a
07:45
Entzun

Tullen eman zuen François Hollande (PS) Frantziako hurrengo presidenteak atzo hauteskundeetako emaitzak jakin ondorengo lehen hitzaldia. Lehen hitz horietan esan zuen jaso duen erantzunkizunaren tamainaren jabe dela. Adierazi zuen "denen" presidente izango dela: "Frantzia bakarra dago, nazio bakarra. Denak izango dira berdin Errepublikan".

Sarkozy agurtu zuen, eta une horretan txistuak entzun ziren Hollanderen jarraitzaileen artean. "Gazteek ez zuten horrelako garaipenik ezagutzen, eta harro nago itxaropena itzuli izanaz. Duintasunaren eta erantzukizunaren zirrara sentitzen dut. Proposatutako aldaketa orain hasten da".

Hollandek esan zuen "zauri gehiegi" izan direla, "herritarrak banatu dituztenak", eta bere egitekoen artean lehena herritarrak "batzea" izango dela gaineratu zuen.

"Europa, begira"

Esan zuen zor publikoari eusteko defizita murriztuko duela, baina beti ere ongizate ereduari eutsiz: "Hezkuntzarekin nire konpromisoa berresten dut, Errepublikaren eskolarekin. Europa hazkundera bideratu behar dugu, etorkizunagatik".

Esan zuen Europa begira dagoela badakiela, Frantziara "itxaropentsu". "Murrizketak ezin dira zorigaitza izan", berretsi zuen. Maiatzaren 6a Frantziarentzat hasiera berri baten egun izan behar duela adierazi zuen, eta Europarentzat, "itxaropen berri bat".

Laikotasuna eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ekarri zituen gogora Hollandek.

1.200.000 botoko aldearekin irabazi ditu hauteskundeak

François Hollandek botoen %51,62rekin irabazi ditu Frantziako presidentetzarako hauteskundeak bigarren itzulian, azken botoak zenbatu aitzin. Zundaketek arratsaldeko lehen ordutik iragarri zuten PSko hautagaiaren garaipena, eta azkenean ia 1.200.000 botok erabaki dute. 24 urteren ostean ezkerrak hartuko du berriro presidentetza.

Azken egunetan inkestek zioten Sarkozy bien arteko aldea murrizten ari zela, eta azkenean 2,7 puntukoa izan da aldea, UMPko hautagai eta orain arteko presidenteak botoen %48,38 eskuratu baitu.

NIcolas Sarkozy 21:00etan zen hedabideen aurrera agertzekoa atzo, baina ordu erdiz aurreratu du agerraldia, eta Hollanderen garaipena onartu du hauteslekuak itxi eta berehala, Hollanderi zorte ona opaz.

Hilaren 15ean hartuko du kargua

Hollandek maiatzaren 15ean hartuko du Frantziako presidente kargua, gaur alderdi sozialistako eta gobernuko iturriek jakitera eman dutenez. Hollanderen taldearen eta Sarkozyren artean hitzartutako data da, iturri beren arabera.

Azken egunetan kargua hartzea ostiralera aurreratzeko aukera egon zitekeela zabaldu zen, Hollandek Berlinen egitekoa den Europako Batasuneko biltzarrera joateko nahikoa denbora izan zezan.

Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak gaur egindako adierazpenetan esan du "besoak zabalik" hartuko duela Hollande, eta gogorarazi du itun fiskala ezin dela berriro negoziatu. "Ezin da itun bat berriz ireki hauteskundeak dauden bakoitzean. Hala balitz, ezingo genuke Europako Batasunean lanik egin", adierazi du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.