Droneen erabilerak eztabaida asko sortzen ditu, besteak beste, herritarren kontrola zorrozteko sistema eraginkorrak izan daitezkeelako. Estatu gehienek, ordea, joera argia erakusten dute horien alde. Europak 2016an sartu nahi ditu droneak bere aire eremuan, eta erabateko integrazioa 2020an egingo du. Erabilera militarra emango diote, baina, besteak beste, mugak kontrolatzeko ere erabiliko dute, alegia, zibilen joan-etorria kontrolatzeko.
"Asmoen adierazpena" da Europako Defentsa ministroek asteartean sinatuko dutena, EDAko iturriek jakinarazi dutenez, proiektuan aurrera egiteko. Estatuen arteko informazio trukaketa ahalbidetuko dute, eta droneen erabilerarako egiaztagiri bateratua lortzeko irizpideak jarriko dituzte. Europa osoarentzat 2019an ezarri nahi duten droneen flotarako ere bide orria ezartzeko asmoa dute astearteko bileran.