Frantziak 19 lagun atxilotu ditu, muturreko islamismoarekin lotura dutelakoan

Poliziak esan du atxiloketek ez dutela Merahekin lotura zuzenik; Sarkozyk dio gehiago egingo dituztela

Erredakzioa
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Frantzian operazioa egin dute muturreko islamismoaren kontra, eta hemeretzi lagun atxilotu ditu Poliziak. Sare islamistak desegiteko agindua eman du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Tolosako eta Montaubaneko atentatuen ondotik. Izan ere, hiru militar eta lau juduren hilketa herrialdearentzat trauma handia izan dela azaldu du presidenteak, «neurri batean AEBentzat irailaren 11 bezalakoa».

Mohamed Merah ustezko atentatuen egilea hil eta zortzi egunetara egin dituzte atxiloketak. Dena den, Poliziak jakinarazi du operazioak ez duela lotura zuzenik Merahen kasuaren ikerketarekin. «Interneten mujahidinak direla dioten lagunak dira atxilotutakoak, muturreko islamistak», azaldu du Claude Gueant Barne ministroak. Entrenamendu paramilitarra jaso dutela gaineratu du. Frantziako Tolosan eta Nantesen atxilotu dituzte gehienak, baina Parisen, Lyonen eta Marseillan ere atzeman dituzte. Duela hilabete legez kanpokotzat jotako Forsane Alizza taldea izan du Poliziak jomuga, eta hainbat arma konfiskatu dituztela jakinarazi dute.

Kanporaketak

Sarkozy gogor agertu da muturreko islamisten kontra. «Pertsona horiek ez dute egitekorik gure lurretan», adierazi du, eta Frantziatik kanporatuko dituela jakinarazi du. «Frantziak ez ditu nahi errepublikaren aurkako baloreak defendatzen dituztenak».

Atxiloketak kanpaina egiteko baliatu ditu Sarkozyk, hiru aste baizik ez baitira geratzen presidentetzarako bozetarako. Atzo François Hollande sozialisten hautagaia kritikatu zuen berak bezala erabaki irmoak hartzeko gai izango ez dela esanez. «Estatuburu zarenean erantzukizunak hartu behar dituzu, eta erabakitzeko gai izan behar duzu. François Hollandek gehiengoaren buruzagi izateko asmorik ez duela esatea nahiko sinesgarria da». Sarkozyk inkestetan Hollandek ateratzen zion tartea txikitu du azken asteotan. Dena den, inkesten arabera bigarren itzulian Hollandek irabaziko ditu bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.