Frantziak Arafaten heriotza ikertuko du

Palestinarren buruzagi historikoa pozoituta hil ote zuten ikertzeko salaketa jarri du haren alargunak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Yasser Arafaten emazte Souha Arafatek salaketa bat aurkeztu ostean, palestinarren buruzagi historikoaren heriotza ikertzeari ekin dio Frantziako justiziak. Nanterreko Fiskaltzak atzo ireki zuen ikerketa, eta horretaz arduratuko diren epaileak izendatuko ditu datozen egunetan. Pozoituta hil ote zuten argitu nahi du buruzagi palestinarraren familiak, Suitzako laborategi batek Arafaten arropetan eta objektu pertsonaletan polonioa topatu zuela jakinarazi eta gero.

Heriotza polemikoa izan zen Arafatena, egun batetik bestera hil baitzen, eta, autopsiarik egin ez ziotenez, ez zen argitu zergatik hil zen. Zenbaitek pozoituta hil zela adierazi zuten, eta, orain gutxi, medikuntzari buruzko Slate aldizkariak ez du gezurtatu Arafat pozoituta hil zutenik, baina polonioaren ordez, heriotza eragin ziona amanita faloide perretxiko bat izan zitekeela azaldu du, Arafaten sintometan oinarrituta.

Bestalde, Suitzako mediku talde bat Ramallahera joango da Mukatako —gobernu palestinarra— egoitzan dagoen Arafaten gorpua ikertzera. Izan ere, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren gonbidapena jaso du Suitzako Laussane erietxeak, heriotza ikertzeko buruzagi historikoaren gorpua hobitik ateratzera «ahalik eta azkarren» bertaratzeko eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.