Boliviako presidente Evo Moralesek baieztatu du Espainiak baimena eman diola bera doan hegazkinak bere airegunea zeharka dezan Boliviara bueltan. Adierazpen horiek Vienan emandako prentsaurrekoan egin ditu, bertan lurreratu baita hegazkina bart. Hala ere, hegazkina Austriako hiriburuan hamahiru orduz atxikita egon izana "Hego Amerikaren aurkako erasotzat" jo du agintari boliviarrak. Haren esanetan, ez da "inongo gaizkilea" Poliziak bere hegazkina mia dezan. Izan ere, Vienako aireportuko Poliziak "borondatezko araketa" egin du presidentearen hegazkineko pilotuak hala onartuta, eta egiaztatu dute Edward Snowden, CIAko analista ohia, ez zihoala barruan.
Momentu honetan, Kanariar Irletara bidean da Morales, Espainiak horretarako baimena eman ostean. Raxoik adierazi duenez, "logikoa" da Moralesi baimena eman izana, Snowden hegazkin berean doanaren eztabaida "artifiziala" izan dela uste baitu.
Egunak aurrera egin ahala, hainbat agintarik Frantzia eta Portugalen gertatutakoaren inguruko adierazpenak egin dituzte. Kubako Gobernuak, adibidez, Moralesen hegazkinarekin gertatutakoa "onartezina" dela adierazi du, eta AEBek "Estatuen subiranotasunaren aurka egiten ari den gehiegikerien aurka" mobilizatzeko deia egin du. Raul Castroren ustez, gertaera onartezina, funtsik gabekoa eta arbitroa" izan da gertakaria, eta Latinoamerika eta Karibea iraindu dituzte.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearentzat, "eraso arriskutsua" izan da. Moralesekin harremanetan dagoela jakinarazi du, eta "obsesio inperialak" tarteko, estatuburuak babesten dituen nazioarteko immunitateak bortxatzen direla salatu du. Uruguayk ere "estatu europarren jarrera gaitzetsi eta kondenatu".
Hego Amerikako Herrialdeen Batasun Unasurren ezohiko batzarra egingo dute gertatutakoa aztertzeko.
Frantziak hasieran ez du baimendu Moralesen hegazkina bere eremuetan lurreratzea, baina gaur agintari frantsesek azaldu dutenez, Boliviako agintariak baimena izango du bere airegunea zeharkatzeko.
Bestalde, NBEko Boliviako enbaxadore Sacha Llorenti Solizek adierazi du ez duela "inolako zalantzarik" hegazkina atxiki izana Estatu Batuek agindutako maniobra izan dela.
Bolivia haserre Frantzia eta Portugalen ezetzarekin
David Choquehuanca Boliviako atzerri ministroak salatu duenez, Frantziak eta Portugalek ukatu egin diote lurreratzeko baimena Evo Morales bidaiatzen ari zen hegazkinari: "Presidentearen bizia arriskuan jarri dute, eta haren aurkako diskriminazioa izan da, Edward Snowden hegazkin berean zihoan susmo funtsik gabeagatik". "Azken orduan, ezin azalduzko arrazoiak tarteko, eta hegaldi betean" ukatu diote lurreratzea Moralesen hegazkinari, eta atsekabeturik agertu da Choquehuanca, aurrez adostua baitzuten Frantzia eta Portugalekin euren lurraldeetan geldialdi teknikoak egingo zituztela, hegazkina erregaiz hornitzeko.
Moskutik La Pazera bidaiatzen ari da Morales: "Beharrezko baimena geneukan Frantzian eta Portugalen geldialdi horiek egiteko; eskaerak nazioarteko protokoloak betez egin genituen". Herrialde horien ezezkoaren ondorioz, larrialdiz lurreratu da Vienan Moralesen hegazkina, eta orain Kanaria uharteetarako bidean da, erregaia hartzeko, Espainiak ofizialki bertako airegunea zeharkatzeko baimena eman baitio.
Moralesek atzo elkarrizketa bat eskaini zion Errusiako RT telebista kateari, eta horren ondorioz sortuak dira Snowden eta Morales hegazkin berean zihoazen susmoa, Choquehuancaren ustez. Moralesek hitzeman zuen aztertuko zuela Snowdenek eskatutako babes politikoa: "Uste dugu beldurtu egin nahi gaituztela, Moralesek egindako adierazpenak direla eta".
Iragan asteaz geroztik, Moskuko aireportuan dago Snowden CIAko analista ohia. Moskun enbaxada duten 21 herrialderi eskatu die babes politikoa Snowdenek, Wikileaksen lege aholkulari Sarah Harrisonen bidez. Oraingoz, Venezuelako presidente Nicolas Maduro izan da Snowdeni babes politikoa eskaini dion bakarra: "Eskatuko baligu, pentsatuko genuke, eta ziurrenik emango genioke, jazarriak babestea giza eskubidea baita".
Norvegia, Finlandia, Austria eta Espainiak esana diote Snowdeni babes politikoaren eskaria herrialde horietatik bertatik egin behar duela, eta Polonia, Brasil eta Indiak ezezkoa emana diote.