Frantziako Gobernuak aurreikusita zituen AHTaren linea berri batzuk eraikitzeari uko egin dio, estatuaren aurrekontua orekatzeko asmoz. Hala jakinarazi du gaur Jerome Cahuzac Aurrekontu ministroak (PS) France 2 telebista katean. Oraingoz, ez du zehaztu zein linea geratuko diren egin gabe.
"Azken urteetan hamaika proiektu proposatu dira batere finantzaziorik eduki gabe", adierazi du Cahuzacek. Horren errudun aurreko gobernua (UMP) jo du, eta salatu du haren "hantustekeriaren" ondorio izan direla proiektuok. Hala, arrazoia eman dio Frantziako Kontu Auzitegiari; izan ere, hainbat egitasmo gauzatzearen beharra eta bereziki AHTa luzatzearen beharra zalantzan jarri baititu, berriki.
Gobernuak 260.000 milioi euroko proiektuak egokitu nahi ditu, eta kontuen ikuskapena agindu du horretarako. "Orain arte lehentasunezko jo ditugun hainbat aukera baztertu eta bestelako beharrak ase beharko ditugu. Bigarren mailako trenbide sareari eustea derrigorrezkoa da, jende andanak erabiltzen duelako".
Ipar Euskal Herriko abiadura handiko trenaren proiektua geldirik dago aspaldian, gobernua eta udalak ez baitira ibilbide eta finantzazioarekin ados jartzen.