Egoera hain da delikatua non Europako Batasuneko instituzio nagusietako (Legebiltzarra, Batzordea eta Kontseilua) adierazpen bateratua egin zuten herenegun gauean, emaitzak jakin ahala. Atzo, berriz, egoera lasaiago eta sakonago aztertu zuten. Junckerrek honakoa adierazi zuen: «Geuk, Europa gidatzen dugunok, europarrak beren buruaz harro sentiarazteko ahalmena galdu dugu, Europak azken 15 urteotan, hainbeste gorabeheraren ondotik, egindakoa harrigarria baita. [Batasunaren] hedapenaz beharrezko pedagogia ez dugu egin». Horrekin iradoki nahi izan zuen iaz EBn 10 estatu berri sartzeak eta aurreikusita dauden sarrera berriek Turkia tartean dela agian erreferendumaren emaitzan eragin dutela.
«Egitasmo handietarako beharrezkoak diren determinazio eta kuraia falta zaizkigu», erantsi zuen. Gainera, gustu txarreko iritzi zion Frantzian galdeketa errepikatzeko Danimarkan Maastrichteko Itunarekin eta Irlandan Nizakoarekin egin zuten bezala zeinahi iradokizuni.
Durao Barrosok, bere aldetik, honela identifikatu zuen porrotaren erantzukizun politikoen jatorria: «Gutako inork ez dugu jakin izan Frantzian eztabaidagai ziren gaietako batzuek hala nola EBko zerbizuen gaineko araudi polemikoa ez zutela Konstituzioarekin batere zerikusirik».
«25 berreste prozesu daude», azaldu zuen Batzordeko presidenteak, eta ikuspegi bat Europako besteei ezin ezar dakiokeela nabarmendu. «Konpromiso bat bilatu behar da», gaineratu zuen. Frantziako estatuko erreferendumaren emaitzak heldu den ekainaren 16 eta 17an Bruselan egingo duten Europako Batasuneko goi bileran ere eragina izango du. Konstituzioaren berreste prozesua eta orain sortutako krisia izango dira, dudarik gabe, ardatz nagusiak. EBko estatu kideak Konstituzioa erreferendum edota Legebiltzarreko bozketa bidez berresteko prozesuan dira. Orain arte bederatzi estatuk berretsi dute eta zortzi erreferendum geratzen dira egiteko, tartean bihar Herbehereetan egingo dutena. Itunaren artikuluen arabera, estatu kide guztiek berretsiz gero, 2006ko azaroan sartuko litzateke indarrean. Bestela, estatu kide guztiek onartu arte itxaron beharko litzateke eta orduan azken berrespenetik bi hilabetera jarriko lukete indarrean.Frantziako estatuaren ezetza kolpe handia da EBren orain arteko ildorako zein Konstituziorako. Hau 25 estatu kideek berretsi beharra dago indarrean jar dadin.
Konstituzioaren geroa
Bitartean, Europako Legebiltzarreko presidente Josep Borrellek atzo ez zuen baztertu EBko gobernuek Konstituzioa «abandonatzea», baldin eta «estatu kide guztiek halaxe erabakitzen» badute. Halere, nabarmendu zuen «aurrera segitzeko konbentzimendua» dagoela agintariengan. «Garrantzitsuena prozesua diseinatu bezala segitzea da, baina baliteke diseinatu zutenek iritzia aldatzea». Haren aburuz, auziaz erabakiak hartzeko eskuduntza duen erakunde bakarra Europako Batzordea da.
Ezetza nagusitu arren EBn eta honen instituzioetan «erabateko normaltasuna» dagoela ziurtatu zuen, eta «berdin-berdin» lanean jarraitzen dutela gehitu. Azaldu zuenez, ezein talde politikok ez dio auzia aztertzeko pleno berezia deitzeko eskatu.Bestalde, Frantziako Atzerri ministro Michel Barnierrek ohartarazi zuen «Europa politiko eta sozialagoranzko Alemaniak eta Frantziak markatutako norabidea pikutara joateko arriskua» dagoela Frantziako erreferendumeko ezetzaren ondorioz. «Zein izango da orain norabidea?», galdetu zuen; «Akaso Europaren beste ikuspegia, mundu guztiak duela 50 urte ezagutzen duena, Europa liberalago eta supermerkatu handi baten ideia anglosaxoniarra?». «50 urteotan lehen aldia dafuntsezko auzi batean frantziarrek eta alemaniarrek Europan iritzi ezberdinak dituztena», esan zuen. Alemaniako Legebiltzarrak iragan ostiralean berretsi zuen Europako ituna. Frantzia da horri ezetza eman dion lehen estatua, baina larriena da bera dela EBko sortzaile izandako sei estatuetako bat eta Alemaniarekin batera EBren eraikuntzaren motorra. Herenegun Alemaniako kantziler Gerhard Schroederrek esan zuen Frantzian ezetza nagusitzea «zoritxarra» dela, baina horrek ez duela esan nahi prozesua bukatu denik.EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi ordezkari Javier Solana emaitzaz kexu agertu zen; «Aterabidea lasaitasunez bilatu beharra dago», esan zuen.Sindikatuen Europako Konfederazioa ere atsekabetuta azaldu zen eta EBrentzat «seinale argia» dela iritzi zion emaitzari: «EBk ez ditu Europa sozial baten aldeko deiak behar bezala entzun. Barne merkatua dimentsio sozial azkar bati lotu behar zaio, langileen eta sindikatuen kezkak kontuan hartuko dituen bati». «Errefusak ez dirudi Europari oro har zuzendua dagoenik, Europa neoliberalari baizik». Bozketan ezetza nagusituko zela zioten aurreikuspenen ondorioz, euroaren balioa jaitsi da egunotan.
-
Datua
Frantziaren ezetzak irekiko duen eztabaidan egon nahi du Turkiak
Turkiako Atzerri ministro Abdula Gulek atzo esan zuen Ankarak parte hartu nahi duela Frantziak erreferendumari emandako ezezkoak irekiko duen Europako Konstituzioaren gaineko eztabaidan. Ezetzak Turkiak EBn sartzeko urrian abiatuko duen prozesu ofizialari kalte ez egiteko itxaropena ere azaldu zuen. «Negoziazioaren hasiera soilik Turkiaren esku dago. Turkiak EBrekiko konpromisoak betetzen baditu, deusek ezin du eragotzi elkarrizketa abiatzea».
Blairrek dio goiz dela galdeketa egin edo ez erabakitzeko
Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair zuhur agertu zen atzo: «Oraindik goiz da gurean erreferenduma egin edo ez erabakitzeko». Galdeketa urtebete barru egitekoa da. Datozen egunotako gertaerak (Herbehereetako galdeketa, kasu) ikusi arte zuhur jokatu nahi duela azaldu zuen, eta «hausnartzeko» denbora eskatu.