Frantziak Iranen duen ordezkaritza murriztuko du, segurtasunagatik

Erresuma Batuak Irango ordezkari guztiak bidaltzeko hartutako erabakia «zentzugabea» da Teheranentzat

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Iranen kontra Europako Batasuneko herrialdeak hartzen ari diren neurriek erantzun gogorra izan dezaketelako beldurrez, gutxinaka Teherandik ateratzen ari dira herriotako ordezkariak.Erresuma Batuak ez du diplomatiko bat bera ere utzi Teheranen Irango ikasle islamikoek bere enbaxadari eraso ziotenetik, joan den asteartean. Orain, berriz, Frantzia hasi da neurriak hartzen, gauza bera gerta dakiokeela uste duelako. «Segurtasun arrazoiengatik» politikari asko Irandik ateratzea erabaki du, behin-behinean, egoera baretu arte: «talde diplomatikoko kide asko eta haien familiak Frantziara itzuliko dira, ez baita giro onik, eta denbora batean ez du aldatzeko itxurarik», azaldu du izenik eman ez duen gobernuaren bozeramaile batek. Noiz itzuliko diren ere ez du argitu, baina «Erresuma Batuko enbaxadara sartu bezala Frantziakora sar daitezkeelako» erabaki du horrela jokatzea Nicolas Sarkozyrengobernuak.

Erresuma Batutik ere iritsi dira etxera Irango 25 ordezkariak, baina Teheranek ez du haiek ateratzea erabaki: bidali egin dituzte, eta itxi egin dute Teheranen enbaxada. Ikasle islamikoak haiei ongietorria egiten sutsuki aritu dira aireportuan, oihuen artean, baina Mahmud Ahmadinejaden gobernuarentzat, kezkagarria da haiek etxera bidaltzea. «Arduragabea» iruditzen zaio Hasan Gashgavik, Kontsulatuetarako Atzerri ministrordeak. Orain arte apenas egon da harremanik bi herrien artean, aspalditik daude gaiztotuta, baina erabaki honek edozertarako bide guztiak ixten ditu. «Erresuma Batuan diren iraniarren giza eskubideak defendatzea ere ikatu dio Londresek Teherani». 200.000 iraniar bizi da Erresuma Batuan, eta Gashgavik urtebete baino gehiago dara, haiek babesteko bi herrien arteko harremanak erabat hautsi ez daitezen lanean. Baina ez du asmatu.

Erresuma Batua izan da Iranekiko jarrera gogorrena erakutsi duena Israelen eta AEBen atzetik, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Irango plan nuklearrei buruz ateratako txostenaren ondoren. Bonba atomikoa egiteko baliabideak errealitate direla esan ostean, MendebaldeaIranen kontra har zitezkeen zigorretan pentsatzen jarri zen, eta joan den astean Iranen kontra Erresuma Batuak ezarritako finantza neurrien aurka protesta egiteko sartu ziren haren enbaxadara, hiru aldiz sartu ere, harresiaren atean gora igota.

Londresen eta Teheranen artean aspaldidanik gaiztotuta dagoen harremana gehiago tenkatu du gertaerak, eta tentsioa igo du. David Cameronek Erresuma Batuko lehen ministroak «ondorio larriak» iragarri ditu. Azken hiru hamarkadetan oso gorabeheratsua eta korapilatsua izan da Londres eta Teheranen arteko harremana. 2009an, esaterako, presidentetzarako bozen osteko protestak sustatu izana leporatu zion Teheranek Londresi. Ahmadinejadek irabazi zituen hauteskundeak, baina oposizioko alderdiek ustelkeria salatu zuten. Hildakoak eta tentsio izugarria egon zen luzez.

Petrolioa garestiago

Europako Batasunak Iran zigortzea erabaki du, baina momentuz ez du petrolioaren gaineko erabakirik hartu. Dena den, hori ere «aurki» etor daitekeela-eta urre beltza zenbatean garesti daitekeen ohartarazten hasi da Teheran. Arsalan Fathipur Legebiltzarreko Energia Batzordeko buruak egin ditu zenbakiak. «AEBek eta Europako hainbat herrik petrolio eta gas sektorean zigorrak ezartzen badituzte, munduko prezioak kupeleko 250 dolarretara hel daitezke». Haren ustez, orain arte jarri dituzten zigorrek ez dute batere eraginik izango Irango ekonomiaren garapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.