Schengen moldatu nahi du Frantziak, «mehatxu jihadistari» aurre egiteko. Bernard Cazeneuve Barne ministroak Bruselan gaurko deitu du EB Europako Batasuneko ministro kontseilura, eta proposamen bat prest du: europarrak batasunean sartzen eta irteten diren aldiro pasaportea kontrolatzea nahi du, datu horiek zerbitzu sekretuen artxiboekin erkatzeko. Horrez gainera, PNR Bidaiarien Izenen Erregistroa onartzea proposatuko du, EBko hegaldi guztien bidaiarien datuak Europako zerbitzu sekretuen eskura egon daitezen. Izan ere, Sirian eta Iraken borroka egin duten jihadistak Parisen agertu izanak mugen kontroletan zalantzak piztu ditu. Fiskalaren arabera, atentatuen ustezko antolatzailea, Abdelhamid Abaaoud, Saint-Denisko setioan hil zen herenegun.
Zirkulazio askeko sistemak aurreikusten du «arrisku egoeran» kontrolak egitea, baina Frantziak arau bihurtu nahi ditu horiek. «Segurtasuna da askatasunen artean lehena», uste du Manuel Valls lehen ministroak. Berez, Schengen osatzen duten 26 herrialdetako herritarrek ez dute pasaportea erakutsi beharrik eremura sartzeko. Frantziaren eskakizunak ez dio EBko barne mugei eragiten.
Urtarrileko Charlie Hebdo-ren eta koxer supermerkatuaren aurkako erasoen ondotik eskatu zuen Parisek EBko kanpo mugen kontrola zorroztea, baina orduan 28ak ez ziren ados jarri. « Schengenek hiru erronka nagusi ditu: bidaiarien kopuruaren gorakada, aurrekaririk gabeko migrazio presioa eta inoizko mehatxu terrorista handiena», irakur daiteke Reutersek jaso duen Frantziaren proposamenean. Cazeneuveren esanetan, «Europak osatu, antolatu eta defendatu beharra du».
Batez ere Sirian eta Iraken talde jihadisten lerroetan borrokatzen diren gazte europarrak dira EBko agintarien buruhaustea. Parisen arabera, Frantziako herritartasuna edo bizileku baimena duten 966 lagun joan dira Siriara eta Irakera. Halere, Frantziako hedabideek segurtasun iturriak aipatuta argitaratu dutenez, 2.000tik gertu lirateke herrialdetik irtendako jihadistak.
Frantziako atentatuetan Poliziak identifikatu dituen lau kamikazetatik gutxienez hiru Sirian izan ziren azken urteetan, Liberation-en polizia iturrien arabera. Abaaoudek berak erakutsi du zenbait jihadisten mugitzeko gaitasuna; 2013. urtetik EI Estatu Islamikoak aldarrikatutako kalifa-herritik Europarako bidaia bitan egin du, zerbitzu sekretuen ustetan.
Zerbitzu sekretuak, nabarmen
Parisko fiskalak atzo baieztatu zuenez, Abaaoud Saint-Denisko operazioan hil zuten. Haren gorpua setiatutako etxebizitzan aurkitu dute, «balez josita». Hatz markei esker identifikatu ahal izan dute. EIri lotutako sare sozialetan ezaguna zen Abaaoud. Cazeneuveren ustetan, udaberritik zapuztu dituzten sei atentatutik gutxienez lautan parte hartu zuen. Barne ministroak esan duenez, «rol erabakigarria» jokatu zuen Parisko atentatu sortan. Bestalde, Saint-Denisko kamikazearen gurasoen etxea miatu du Poliziak.
Abbaoud Sirian zegoela zabaldu zuten hasieran Frantziako segurtasun indarrek, eta nabarmen utzi ditu jihadisten komandoen ustezko buruaren presentziak Saint-Denisen. Europako zerbitzu sekretuen koordinazio falta aipatu du Cazeneuvek. «Europara ailegatu zenik ez ziguten jakinarazi. Azaroaren 16an Europatik kanpoko zerbitzu sekretu batek ohartarazi zigun Grezian ikusi zutela azken aldiz».
Frantziako Asanbleak ia aho batez onartu du larrialdi egoera hiru hilabetez luzatzea. Aurkako sei boto —hiru ekologistena eta beste hiru sozialistena— eta abstentzio bat —sozialista batena— izan dira soilik. Gaur Senatuaren tramitea igaro beharko du, baina ez da ezusterik espero.
Beste hainbat neurri ere hartu ditu Parisek sarraskiaren ondotik. Horien artean, Barne Ministerioak baimena emango die poliziei zerbitzuz kanpo arma eramateko. «Une oro arma erabili ahalko dute, zigor kodea errespetatu eta beren buruaren defentsan egiten badute».
600 milioi euroko gastua izango dute 2016an Eliseoak aurreikusitako neurriek. Izan ere, François Hollande presidenteak postu berriak sortuko ditu: 5.000 polizia eta jendarme, eta 3.500 funtzionario gehiago Justizia Ministerioan eta aduanetan.
Sarraskiaren kolpearen eraginpean hartu dituzte neurriok agintariek. Izua handia baita, bereziki Parisen: igandera arte luzatu dute hiriburuan manifestatzeko debekua. Valls lehen ministroak ez du ezer baztertzen. «Arma kimikoen arriskua egon daiteke».
parisko atentatuen ondorena
Frantziak kontrolatu egin nahi ditu europarren EBko sartu-irtenak
Fiskalak baieztatu du Abaaoud Parisko erasoen ustezko antolatzailea Saint-Denisko setioan hil dela. EBko kanpo mugak sendotzea proposatu du Parisek, jihadisten Europarako igarobidea zapuzteko. Gaur Europako barne eta justizia ministroak bilduko dira Bruselan neurri horiez eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu