Gerard Longuet Frantziako Gobernuko Defentsa ministroak gaur jakinarazi du datorren urteko bukaera artean "modu progresibo batean" mila soldadu erretiratuko dituztela Afganistandik.
Halaber, gogoratu du nazioarteko armadek Afganistan uzteko data 2014a amaiera dela, hori sinatu zutelako iaz NATOk eta Kabulek. Frantziak egun 3.900 soldadu ditu han.
49 herrialdek dauzkate militarrak Afganistanen; denera, haien 130.000 soldadu daude. AEBek dauzkate gehien —90.000—, eta, iragarrita duten bezala, aurten hamar mila atera nahi dituzte eta 2012an 33.000. Erresuma Batuak hurrengo urteko bukaerarako bostehun erretiratu nahi dituela esan du, eta bederatzi mila lituzke hartara. Alemaniak bost mila soldadu ditu orain, eta hark ere bostehun atera gura ditu datozen hilabeteetan. Espainiak 1.500 dauzka, eta 2014ra artean joango da erretiratzen.