Manuel Valls Frantziako Gobernuko Barne ministroak iragarri du Korsikan segurtasun neurriak indartzea erabaki dutela, azkenaldiko atentatuak direla eta. "Korsikan aspaldiegitik dago indarkeria txertatuta", esan du telebista kate batean, eta erantsi du "estrategia berriak emaitzak" izango dituela. Dena dela, ez du zehaztu noiz jarriko dituzten abian neurriak, ezta horiek zenbaterainoak izango diren ere.
Atzo gauean 24 leherketa izan dira Korsikan, baina ez da kiktimarik izan. Eraikitzen ari diren etxe batzuetan izan dira atentatuak. Maiatzean antzeko 23 leherketa gertatu ziren, eta FLNC-UC Korsika Askatzeko Nazio Frontea-Borrokalarien Batasuna talde armatu independentistak hartu zituen bere gain; etxegintzako espekulazioa salatu zuen. Oraingoak inor ez ditu bere gain hartu, oraingoz.
"Korsika Frantzia da, Errepublika da, eta korsikarrak ez ditugu bakarrik utziko, haiek baitira lehen biktimak", adierazi du Vallsek.
Urte honetan 70en bat atentatu izan dira han.