Frantziako Ekologia ministroak dimititu egin du presio mediatikoagatik

François De Rugyk diru publikoaren erabilera okerra egin du ustez, 'Mediapart' agerkariak azken astean kaleratutako albisteen arabera

De Rugy Versallesko jauregian, 2017ko uztailean. ETIENNE LAURENT / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Mediapart agerkari digitalak lehengo astean kaleratu zituen albisteak aintzat hartuta, François de Rugyk afari arranditsuak ematen zituen diru publikoa erabilita, eta herritarren dirua baliatu zuen, besteak beste, apartamentu bat berritzeko. De Rugyk uste du «lintxatze mediatiko bat» jasaten ari dela, eta, horregatik, iazko irailetik Frantziako Ekologia ministroa izan denak dimititu egin zuen atzo. Edouard Philippe lehen ministroak dimisioa onartu du.

De Rugy Asanblea Nazionaleko presidentea ere izan zen 2017ko ekainetik iazko irailera arte, eta, Facebooken atzo kaleratu zuen komunikatuan salatzen duenez, Mediapart-en «erasoaren» oinarrian «argazki lapurtuak, esamesak» eta bere funtzioekin zerikusirik ez duten «aldagaiak» daude.

Agerkariak argazki batzuk kaleratu zituen lehengo asteazkenean, eta horietan agertzen dira De Rugy eta bere emaztea otarrain handi eta ardo botila garesti batzuk dituzten mahai batzuen parean. Mediapart-ek kaleratutako informazioaren arabera, De Rugyk dozena bat afari arranditsu antolatu zituen Asanblea Nazionaleko presidente zenean. Ministro ohiak bere burua defendatu du esanez horiek bat egiten zutela berak zeukan funtzioarekin.

Hurrengo egunean, ostegunarekin, Mediapart-ek kaleratu zuen De Rugyk 63.000 euro gastatu zituela Ekologia Ministerioko buruarentzat egokitutako apartamentua zaharberritzeko lanetan; informazioak zehazten zuen, gainera, janzteko gela bat agindu zuela, 17.000 euroko kostua eduki zuena. «Ministerioaren apartamentuen ardura duen administrazioak baloratu zuen apartamentuetan berrikuntzak egin behar zirela, zaharkituta zeudelako», argudiatu du ministro ohiak.

Gobernuaren babesa

De Rugy BFM telebista katean mintzatu zen joan den ostiralean, eta adierazi zuen ez zuela dimititzeko «inongo arrazoirik». Gaineratu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen babesa zuela. Sibeth Ndiaye gobernuaren bozeramaileak BFMri atzo adierazi zionez, De Rugyk ez du araurik hautsi, ez du «justiziaren kontrako ekintzarik egin». Gobernua bera eta Asanblea Nazionala Mediapart-ek kaleratutako informazioa ikertzen ari da.

Hedabideak argitaratutako hirugarren pieza baten arabera, De Rugyk etxebizitza bat alokatu zuen Naoneden (Bretainia), nahiz eta berez etxebizitza hori errenta mugatuko pertsonentzat zen. Ministro zenak lehengo ostiralean nabarmendu zuenez, kasu horretan «engainu baten biktima» izan zen.

De Rugy Alderdi Berdean hasi zen politikan, baina 2016an PS Alderdi Sozialistaren primarioetara aurkeztu zen. Horiek galdu ondoren egin zuen bat Macronen Martxan mugimenduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.