EUROPAKO KONSTITUZIOA

Frantziako erreferenduma kezkaz jarraituko du gaur Europak

Itsasoz haraindiko eta atzerriko herritarrak bozkatzen hasi ziren atzo, eta gaur metropolikoen aldia da

2005eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko Konstituzio proiektuaz gaur Frantzian egingo den erreferendumaren emaitzen zain, kezka eta zalantza artean egongo dira Europako Batasuneko beste 24 estatuak. Izan ere, EBren sorkuntzako eta eraketako bultzatzaile nagusia izan den estatuan ezak garaituko balu, konstituzio horren bideratzea nabarmen eragotziko litzateke. Iragan maiatzaren 16an bozketa kanpaina hasi zenetik, baita nabarmen aurretik ere, gaur boto ematerat deituta dauden ia 42 milioi herritarren artean eza ematearen aldeko joera ia beti nagusi izan da, aburu ikerketetan eta inkestetan behintzat.

Gai honen inguruan sortu den eztabaida bipilak arreta oso handia sortu du herritarren artean, eta zatiketa handiak eragin ditu indar politiko batzuen barnean sozialistak eta berdeak, zehazki. Baiezkoak edo ezezkoak irabazirik, Jacques Chirac Frantziako presidenteak iragarri du dagoeneko politika aldaketak bultzatuko dituela bozketa egunaren biharamunetik. Zehazki, gobernu aldaketa bat gertatu behar litzateke eta oraingo lehen ministro Jean-Pierre Raffarinek behar luke alde egin, honek bideratutako politikaren salatzea erreferendumaren inguruko kanpainaren muinean egon baita.Frantziako 64.700 hauteskunde bulegoetatik gehienak gaurgoizeko 08:00ak eta arratseko 20:00ak bitartean irekiak egongo dira. Parisko eta Lyongo hautesleek, haatik, gaueko 22:00ak arte boto ematera joateko aukera izango dute. Aldiz, itsasoz haraindiko departamendu eta herrialdeetako hautesleak atzo hasi ziren bozkatzen, ordutegi aldea kontutan harturik, euren aukera egin zezaten Frantziako metropoliko emaitzen berri jakiterik izan gabe. Hauteskunde bulegoetara hurbildu ziren lehenengoak Quebeceko itsas zabalean kokatuta dauden Saint-Pierre-eta Mikeluneko 4.813 hautesleak izan ziren. Ondoren, berdin egiteko aukera izan zuten Guyana Frantseseko, Guadalupeko, Martinikako, Polinesia Frantziarreko, Kaledonia Berriko, Mayotteko eta Reunioneko hautesleek, hurrenez hurren. Guztira 1.420.000 inguru hautesle dira, eta horien botoa erabakigarria izan daiteke, baiezkoaren eta ezezkoaren arteko aldea estu-estua izatearen kasuan.

Eztabaida bizia eta zabala

Frantzian sortu den eztabaidak eta ezaren aldeko joera nagusi izateak harridura sortu du EBko beste estatu kideen artean. Baiezkoaren alde azaldu diren indar politikoek UMPko kontserbadoreak eta liberalak, UDFko zentristak, PS alderdi sozialistako eta Berdeak ekologistetako agintari eta kideen gehiengoa aldarrikatu dute konstituzio honek EB indartsuago eta demokratikoago bat bermatuko duela.

Ezezkoaren alde jarritakoen artean, berriz, argudio oso ezberdinak daude. PCF alderdi komunistak, mutur ezkerreko alderdi troskistek, sozialista eta ekologista arduradun andanak gogor salatu dute konstituzio honek, euren iritzian, bermatuko duen ekonomia eredu liberala; FN eskuin muturrekoek, eskuineko soberanistek (MPF) eta ezkerrekoek (MRC), berriz, Frantziak burujabetza alorrak galtzeko arriskuak nabarmendu dituzte. Horiek, gainera, Turkia EBn sartzeak euren aburuz eragin litzakeen arazoez ohartarazteko ahaleginetan aritu dira sutsu.

-

Ezezkoa nagusituz gero, zer?





Inkesten aurreikusteak gauzatu eta Frantziak zein Herbehereek arbuiatuko balute Europako Konstituzioa, ondorioak zein izango liratekeen ez da hain argia. Hona, testuetan hitzartutakoari erreparatuz edo adituen iritziak entzunda, zelako irtenbideak bila ditzaketen eta ezezkoaren ondorioak zein izan litezkeen:

irtenbideak





Onespen prozesua: Oraingoz Konstituzioaz ebatzi ez duten 15 estatuetan jarraitu behar luke.

Erreferendumak berriz egitea. Eza nagusitu den estatuetan beste kontsulta bat egitea aipatuda, baina Frantzian, esaterako, behin-behinekoz baztertu dute hori agintari politiko gehienek.

Gobernuen arteko bilera nagusi bat berriz antolatzea: Horrelako zerbait aurreikusten du Erroman 2004ko urrian agintariek sinatu zuten itunak, baina orainokoan aukera hori baztertuta dago.

Konstituzioaren atal batzuk ezartzea: Estatuburuak saiatuko lirateke Konstituzioaren atal batzuen inguruan akordioak hitzartzera, hala nola gehiengo bikoitzaren sistema ezartzeko.

Estatu batzuek aurrerapausoak ematea: Estatu kide multzo baten artean koalizioak sortzea, beste estatu batzuk egin nahi ez dituzten aurrerapausoak egiteko.

Konstituzio berri bat moldatzea: Aditu batzuek oso nekezko edo denbora luzekoa ikusten dute.

ondorioak





Politika bateratua oztopatzea: Aditu batzuen iritzian, Frantziak edo Herbehereek Konstituzioari ezezkoa emanik, neke handiak izango lirateke 2007-2013 arteko aurrekontuen finkapenerako negoziaketak bideratzeko.

Euroa ahultzea eta hazkundea moteltzea: Nizako ituna geratuko litzateke indarrean, eta adituek diote ez dela egokia 25 estatu kide dituen EBrentzako.

Turkiaren kidetzea atzeratzea: Urrian Ankararekin abian jartzekoak diren negoziazioak atzeratuko lirateke, EBk bere barne krisia konpondu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.