François Hollande eta PS Alderdi Sozialista urte askoan amestutako errealitatearen aurrean daude: ez dakite zer-nolako arrakasta erdietsiko duten gaur, baina modu errazean gobernatzeko moduko garaipena izango da.Eskuinak, berriz, Nicolas Sarkozyren porrotaren ondoren, lider sendorik gabe egin du legebiltzarrerako kanpaina, nora ezean, eta kideen arteko desadostasuna agerian utziz. Gaur, UMP alderdiak presidentetzarako bozetan izandako porrota berretsiko du legebiltzarrean, aurreikuspen guztien arabera: sozialisten gobernuarekin kohabitazioan aritzeko legebiltzarrik ez da egongo, eta Hollandek iragarritako erreformak egiteko aukera izango du.
Nekez lortu dute UMPn Sarkozyk presidentetza galdu zuen gauean bertan alderdikideei eskatutako batasuna, legebiltzarreko erronkari eusteko. François Fillon lehen ministro ohiak etaJean-François Cope alderdiko idazkari nagusiak, Sarkozyren ordezkoa izateko irrikan biak, hauteskundeen prozesua amaitu arte halamoduzko bake akordioa sinatu zuten, baina borroka pertsonala ez ezik, ideologikoa ere erakutsi dute mitinetan. Copek eskuin muturretik gertuago dagoen mezua eman du, nahiz eta Fronte Nazionalari gerra politikoa egin dion, eta Filloni eskandaluzkoa iruditzen zaio disimulurik gabe atzerritarrei dien mespretxua. Sarkozyk, bere protagonismoarekin, UMPren bi joerak barneratzen jakin zuen:maiz muturrerako joera erakutsita ere, Fillonek harekin bat jarraitu zuen, baina orain ez dago prest Coperi gauza bera onartzeko.
Hori gutxi balitz bezala, Copek UMPren lider gisa jardun zuen kanpainaren lehen egunetan, eta Fillonek atera behar izan zuen esatera alderdiko idazkari nagusia dela baina ez eskuinarenlider «naturala». Giro horrek ez dio lagundu Sarkozyri 2007an botoa eman ziotenak bereganatzen, eta joan den maiatzaren 6an presidentetzarako botoa eman ziotenetako asko ere etxean geratuko dira. Eskuinaren desmotibazioak abstentzioa elikatuko du.
Eskuindarren artean
UMPk Marine Le Penen eskuin muturrarekin duen ezinikusiak ez du indarrak batzeko gogorik pizten, nahiz eta bati zein besteari botoa emango dioten gehienen nahiaakordioak lortzea den. Marine Le Penek Sarkozyren porrota gertatuz gero, etorkizunean eskuinaren buruzagi berri gisara ikusi zuen bere burua, eta UMPn ikusi zuen etsairik bortitzena. Legebiltzarreko hauteskundeetan ere horixe gertatu da, eta UMPk eskuin muturrarekin akordioak egitea debekatu die legebiltzarkide hautagaiei.
Fronte Nazionalak edo Blue Marinek izan zuen gorakadak ez du oihartzun bera izango legebiltzarrean,eta Cope sendo aritu da Le Penen kontra, baina UMPk bigarren itzulira igarotzeko aukera duen barrutietan ez da horren gogor aritu, ez baititu uxatu nahi orain hari botoa eman baina bigarren itzulian UMPrenak izan daitezkeenenak. Bihar bertan, FNrekin bilera egingo du UMPk. Biek dute buruan bat edo beste aukerarik gabe geratzen diren barrutietan akordioren bat egitea.
Coperi, balizko akordioei buruz galdetu diotenean hauxe erantzun du: «Helburu bakarra daukat: frantziar emakume eta gizonekin hitz egitea, frantziar ororekin. Hor, noski, FNri botoa eman ziotenak ere sartzen dira. Haiei esan nahi diet, herrikide maiteei, gure lagunak direla, oso ongi ezagutzen ditugula eta FNri botoa ematea ezkerrari ematea bezala dela». Fillonek, berriz, ez du ezer jakin nahi, eta «politikan joera guztietako alderdiekin hitz egiteko gaitasuna erakutsi» beharraz aritu da. Ezkerreko Frontearekin ere hitz egiteko gogoa agertu du.
Presidentetzarako hauteskundeen atarian, Marine Le Pen eskuin muturraren buruzagiak esan zuen «Frantziako politikaren grabitate zentroa» bihurtu dela. Legebiltzarrerako hauteskundeak zituen orduan buruan, Sarkozy eta Hollande «agortutako sistema beraren bi aurpegiak» direlako haren ustez, eta«etsipen berriaren» ordezko izan nahi zuen, Sarkozyren ordezkoa, alegia. «Egia esanda, Asanblea Nazionala da askatasun espazio bakarra». Baina, eskuin muturraren gorakada izugarria izanda ere, ez du legebiltzarrean bere askatasunari bidea egiteko indarrik izango. Botoen %15 inguru lortuko dituela esaten duten arren, zero eta lau diputaturen artean eskuratuko lituzke, Frantziako sistemak bigarren itzulian bi alderdi nagusiei egiten dielako mesede. Legebiltzarreko hauteskundeak presidentetzarako hauteskundeen hirugarren itzulia izango zirela iragarri zuen, baina ez da halakorik gertatuko.
Gaurko bozetan abstentzioak %40 baino gehiago bereganatuko duela iragarri dute, eta Fronte Nazionala alderdiak botoen %15 eskuratuta ere, abstentzioa horren handia bada, oso zaila izango du bigarren itzulian hiru hautagairen partida askotan sartzea. Hautagaiek botoen %12,5 behar dituzte bigarren itzulira igarotzeko, eta adituek uste dute FN hirutarako lehian 50 barrutitan baino ez dela borrokatuko.
Frantzian historikoki sozialistak eta eskuin parlamentarioa eskuin muturraren kontra aliatu izan dira hirukoak gertatzen direnean, Fronte Nazionala blokatzeko, eta horrek bi alderdi nagusien alde egiten du, txikien kaltean.
Ezkerraren txanda
Sozialistek gobernua eta Asanblea Nazionala bereak izango dituzte. Ez dago dudarik. Gidatzeko zenbateko askatasuna izango duten dago jokoan. Ekologisten eserlekuak ziurtatuta dauzkate; ez, ordea, Ezkerreko Frontearenak. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian sozialisten alde egin zuen Jean-Luc Melenchon buruzagiak, baina sozialistek akordio baterako oinarriak ez dituzte jarri nahi izan, eta haserrea erakutsi du kanpainan. Baina bigarren itzulian ordezkaritza ez duten lekuetan sozialisten alde egitea espero da, eta legebiltzarra osatzean ere, hainbat akordio egitea, proposamen ezkertiarragoen truke.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehen itzulia
Frantziako eskuina, botererik eta etorkizun argirik gabe
Asanblea Nazionala berritzeko lehen itzulia egingo dute gaur, eta iragarri dute sozialistek argi irabaziko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu