Ostiralean zabaldutako CSA inkesten arabera, ezkerrak eta ekologistek botoen %56 lortuko dituzte; UMPk eta haren aliatuak, berriz, botoen %36 eskuratuko dituzte. FN eskuin muturreko alderdiak %14ko sostengua izango du, inkestek diotena betetzen bada.
Lehen itzulian, PSk botoen %29,3 lortu zituen, % 26,1 UMPk, %12,1 Europa Ekologiak, %11,4 FNk, %5,8 Ezkerreko Fronteak, eta %4,2 MoDemek.
Bigarren txanda honetan, eskuina eta ezkerra zazpi eskualdetan lehiatuko dira parez pare. Hamazazpi eskualdetan hiruren artekoa izango da lehia; horietatik hamabitan, eskuin muturraren aurka. Zalantzarik gabe, Jean-Marie Le Penen FN alderdia hamabi eskualdetan sostengu zabalarekin gelditu izanak kalte nabarmena eragingo dio UMPri. Eskuin muturreko boto-emaileak bereganatzeko aukera galdu du Sarkozyren alderdiak, izan ere.
Lehia gogorrena, Alsazian
Alsazian paira dezake UMPk eskuin muturrak eragin diezaiokeen kalte handiena. Izan ere, eskualde hori izan zen, Korsikarekin batera, 2004ko hauteskundeetan eskuinak beretzat gordetzea lortu zuen bakarrenetarikoa.
Kanpaina hasi zenetik, eskuinaren zein ezkerraren aldeko izan dira inkestak. TNS/Sofres inkestaren arabera, baina, UMPk eta ezkerrak ekologistekin osatutako aliantzak antzeko emaitzak eskuratuko dituzte eskualde horretan: biek ere botoen %43 eskuratuko dituztela aurreikusten da. Berdinketa hori hausteko, hain zuzen, FNk lehen itzulian lortutako emaitzak giltzarri dira -botoen %13,5 eskuratu zituen-. Eta eskuinaren erabateko porrota litzateke Alsazian bozak galtzea; eskualde horretan eskuina ia betidanik agintean egon dela aintzat hartuz gero, bederen.
Iragarritako porrotari aurre egiteko asmoz, UMPk segurtasunaren inguruko kezkak suspertu nahi izan ditu azken egunotan. PSren eta Europa Ekologiaren artean hitzartutako aliantza ere «itxurazkoa» dela salatu du. PSko buruMartine Aubryk, ostera, ziurtatu du sozialisten eta ekologisten arteko aliantza sendoa dela.
Eskuina, etxean
Lehen itzulian zinezko garailea abstentzioa izan zen: %53,5eko izan baitzen. Parte-hartzearen beherakada are handiagoa izan da eskuinaren alde egiten dutenen artean. Hala diote adituek, 2007ko presidentetzarako bozetan Sarkozyren alde bozkatu zutenen artean asko etxean gelditu direla. Haatik, gaurko egindako aurreikuspenak ere ez dira askoz hobeak; inkesten arabera, boto-emaileen %55ek ez dute botorik emango.
Indarrak batu eta gero, prest da ezkerra Korsikan irabazteko
Lurralde Asanblean ordezkaritza zabala izango badute ere, beren aldetik lehiatuko dira autonomistak eta independentistakA.S.
Hauteskundeen bigarren itzulian lehiatuko diren zerrendek agerian utzi dute Korsikako egoera berezia. Izan ere, lau zerrendatako hautagaien artean aukeratu beharko dituzte Lurralde Asanbleako 51 zinegotziak. Azken sei urteotan agintean egon den eskuinarenak egin duela ematen du, lehen itzulian lehiatu ziren ezkerreko lau zerrendek bat egitea lortu baitute bigarren txandarako. Inkestek garaipena iragartzen diote bat-egitea lortu duen ezkerrari.
Autonomistek eta independentistek ere indartsu egon behar lukete hurrengo Lurralde Asanblean. Gilles Simeoniren Femu a Corsica zerrenda autonomista bigarren sailkatu zen lehen itzulian, botoen %18,4 lortuta, eta Jean-Guy Talamoniren Corsica Libera bosgarren izan zen, botoen %9,4rekin. Haatik, ez dute indarrak batzearen alde egin.
Bretainian, PSk eta Europa Ekologiak ez dute bat egitea lortu
Lehen itzulian, hainbat ekologistaJean-Yves Le Drian sozialistaren zerrendan atera ziren, eta giroa okertu zenA.S.
Beste eskualdeetan ez bezala, Bretainian ez dute bat egitea lortu Jean-Yves Le Drian sozialista buru duen ezkerreko zerrendak eta Guy Hascoetek zuzendutako Europa Ekologiarenak. Lehen itzulian botoen %37,1 eskuratuta, Le Drianek ez die amore eman ekologisten exijentziei; horiek hamalau kide nahi zituzten balizko zerrenda bateratuan. Le Drianek hamar soilik onartzen zizkien.
Bi aldeen artean giroa minberatu duen gertaera da, halaber, Le Drianen zerrendan lehen itzulitik zirela hainbat ekologista. UDB alderdi autonomistak Europa Ekologiarekin bat egin zuen lehen itzulitik. Parti Breton alderdiko autonomistak, aldiz, Egingo Zaitugu Bretainia zerrenda bultzatu zuen lehen txandan.Christian Troadec zerrendaburuak Europa Ekologiaren alde bozkatzeko deia egin du.
Ipar Katalunian abstentzioak gora egingo duela uste da
Frechek, PStik kanporaturikoak, bozak aise irabaziko dituela uste da; lehiatik kanpo dira autonomistak eta independentistakA.S.
Languedoc-Rossello eskualdeko presidente George Frechek garaipen oso zabala lortu zuen lehen itzulian, Ekialdeko Pirinioak departamenduan, Ipar Katalunian. Izan ere, Alderdi Sozialistatik kanporatutako eskualde zerrendaburuak botoen %30 lortu zituen Ipar Katalunian, eta%34,2 eskualde osoan.
Boto-emaileak ez zituzten aldeko izan PSko zerrendanlehiatu ziren Convergencia Democratica de Catalunyako autonomistek, Helene Mandrouxen zerrendak botoen %7 baino ez baitzituen lortu Ekialdeko Pirinioetan. Bigarren txandan lehiatzerik ere ez du lortu Europa Ekologia zerrendak (%9,5); bertan ziren ERC Ezkerra Republicana de Catalunyako eta ICV Initiativa per Catalunya Verds ezkerreko independentistak. Abstentzioak gora egingo du, horregatik.