Gaur goizean tiroketa bat izan da Paris hegoaldean. Frantziako Fiskaltzak jakinarazi duenez, armaturik zen gizon batek tiro egin eta udaltzain bat hil eta beste bat larri zauritu ditu. Fiskaltzak arratsaldeko lehen orduan baieztatu du "eraso terrorista bat" izan dela, eta erasotzailearen bila ari direla.
08:00etan gertatu da erasoa. Chatillongo Atearen inguruetan istripu bat izan da, eta udaltzainak hara joan dira. Iritsi direnean egin diete tiro. Hildako udaltzainak 35 urte zituen. Lekukoen arabera gizonak Renault Clio auto bat lapurtu zuen jarraian. Autoa Arcueil inguruan aurkitu dute, Paris hegoaldean bertan.
Frantziako segurtasun indarrak gizonaren bila ari dira. Fiskaltzak zehaztu du balentzako atorra zeramala, eta segurtasun indarren kontrako ekintza bat izanik ikerketa berak hartuko duela. Atzo Charlie Hebdo-ren aurkako erasoaz geroztik, 3.000 polizia mobilizatu dituzte Frantzian erasotzaileak aurkitzeko.
Fiskaltzak, ordea, oraingoz ez ditu lotu atzoko erasoa eta gaurkoa.