Frantziako presidentetzaren inguruko iturriek ziotenez presidenteak «frantziarren jarrera argitzen» saiatuko da gaur arratseko bere hitzaldian eta «arduraz jokatzeko» deia egingo die hautesleei. Bozketaren auzia ez duela agintaria larritzen ziurtatzen dute ere iturri hauek. Chiracek, alta, ustezko ezezko baten alde txarrak aldarrikatu ditu behin eta berriro, telebista kateetan erreferendumaren karietara aurretik egin dituen bi agerraldietan. Errepublikako presidentea gizatalde berezi batzuei zuzendu egin da, hala nola nekazariei, itsasoz bestaldeko lurraldeetako biztanleei edo gazteei. Europako Konstituzioa onartu beharraren garrantziaz konbentzitzeko asmoz zuzendu da normalean aintzat hartzen ez dituen gizataldeei.Chiracen eta baia ematearen alde jarri diren indar politikoen argudioek, baina, ez dute oraindik ezezkoaren aldeko joera irmoari nagusitzea. Azken inkesten arabera, hautesleen %53k edo %54k eza emateko asmoa dute etzidamu. Haatik, ikerketa institutuen arabera, hautesleetatik %20 eta 30 bitartean ez dute oraino euren boza erabaki. Gauzak horrela, zalantzan liratekeen herritar hauengana zuzendu eta hauek konbentzitzeko ahaleginetan ari dira baiaren zein ezaren aldeko bultzatzaileak.
Baietza eskuinera
Inkestek diotenez ere, baiaren alde daudenak eskuineko UMP eta UDF alderdietako jarraitzaileetan topatzen dira gehien bat,ikerketa ezberdinenen arabera, hauetatik %69 eta %82 bitartean asmo honetan lirateke.
Iritzi azterketa hauen arabera, beti ere, ezkerreko hautesleak, ostera, ezaren alde lirateke aski nabarmen. Azken datuok, hain zuzen ere, kezkak sortzen dizkio bereziki bere kideen artean egindako barne erreferendum baten ostean, Europako Konstituzioaren itunari baia ematearen aldeko jarrera aldarrikatu duen PS alderdi sozialistari.PSko agintaritzako kide ia guztiak eta burukide gehienak baiaren sustatzaile direlarik, Laurent Fabius lehen ministro ohia, Frantziako Legebiltzarreko presidente izandako Henri Emmanuelli diputatua eta Jean-Luc Melenchon senataria dira sozialisten artean ezaren aldeko jarrera bultzatzen dutenak. Egoera hau komentatzean, hauxe adierazi zuen joan den astelehenean François Hollande PSko agintari gorenak: «Ohartzen garelarik barne erreferenduma eskatu zuten horiek berak direla honen emaitzei muzin egiten dietenak, azalpen zorrotzak eskatu beharrean izango gara maiatzaren 29tik landa». Mehatxu antzeko hitz hauei, baina, hauxe erantzun zien Henri Emmanuellik: «Bozketaren emaitza edozein izanda ere, arazo bat izango dugu alderdi sozialistan igandetik aurrera». Ezaren alde dauden ezkerreko indarrek sozialista batzuek, komunistek, mutur ezkerrekoek, altermundialistek Europako Konstituzio proiektuaren norabide liberalak salatzen dituzte. Jarrera hau hartu duten eskuin edo mutur eskuinekoek, aldiz, testu honek, beraien iritziz, eragingo lukeen subiranotasun galtzea gaitzesten dute.
Turkiaren auzia tartean
Eskuineko indar hauek ere Turkia Europako Batasunean sartzearen ikuspegia erabat arbuiatzen dute. Gauzak horrela, eta baiaren alde jarri diren arren, UMP zein UDF baitan gai honek kezkarik sortzen duela jakinda, Turkiaren auzia hizpide izan du Chiracek. Frantzian eragin aski handia duten armeniar jatorrikoen elkarteen koordinadorari igorritako eskutitz batean, Frantziako presidenteak azaldu zien Europako Konstituzioaren indarrean jartzeak «luzeago egingo duela» Turkia EBko kide bilakatzea.
«Turkiak oraindik bide luzea du egiteko, are gehiago Europako Batasuna aitzin-urrats batgehiago egitekotan delarik bere oinarrizko baloreen aldarrikapenean» zioen Chiracek, armeniar elkarteei bidalitako gutunean. Izan ere, Frantziako presidentearen aburuz, «Europako Konstituzioarekin, oinarrizko eskubide eta askatasunak berretsiko dira batasunean eta EBk bermatuko dizkie europar estatu guztiei».Chiracen jarrera honen berri hartu eta gero, Erevaneko aginteak, igandeko erreferendumean baiaren emateko gomendioa egin zien atzo armeniar jatorriko frantziarrei. Turkiak Bruselan duen enbaxadore Mustafa Oguzek, berriz, bere herrialdearen auzia Frantziako erreferendumean sartuta izatea deitoratu zuen eta gaineratu: «Europaren eraikuntzarako une minbera honetan, Turkiari eskatu zaio ez gehiegi agertzeko». Frantziaz kanpoko irizpide hauen ildotik ere, EBko txandakako presidente Jean-Claude Junckerrek ziurtatu zuen atzo Europako Konstituzioaren onarpenerako prozesuak aurrera jarraituko duela frantziarrek eza ematen badute ere. «Oso harrigarria izango litzateke beste herrialdeei esatea ez duela balio euren iritzia eman dezaten Frantziak besteentzat ebatzi duelako», adierazi zuen Jean-claude Junckerrek.
-
HERBEHEREAK
Ezezkoaren boto asmoa da nagusi inkestetan
Frantziako erreferenduma eta hiru egunera, datorren ekainaren 1ean, egingo da Europako Konstituzioaren itunaren inguruko erreferenduma Herbehereetan. Hautesleen gehiengo zabala eza emateko asmotan dela nabarmentzen dute oraindik inkesta guztiek. Hala, NOS telebista kateak atzo zabaldu zuen ikerketa baten arabera, bozkatzera joango direla dioten hautesleetatik %57k eza emango dutela diote. Azpimarratzekoa da, haatik, asmo honetan diren hautesleen kopurua apur bat gutxitu dela, zeren eta, duela lau egun argitaratu zen beste inkesta batean, hautesleen %60ak zuela ezaren alde boto emateko asmoa. Erreferendumaren ordez, parlamentuen bidez onespen prozesua bultzatzea aukeratu duten herrialdeen artean, Austriak gehiengo zabalez ontzat jo zuen atzo Europako Konstituzioa.