Frantziako epaitegiak Hersant Media Taldea (GHM) ikertzen hasi dira, Le Monde hedabideak gaur jakinarazi duenaren arabera. Komunikazio taldea Hersant familiako oinordekoek eta Bernard Tapie negoziogizonak erosi zuten urtarrilean. Gizarte ondasunen abusua leporatzen diote. Horrekin, bi ikerketaren pean dago komunikazio taldea.
Arnaud Montebourd Frantziako Produkzio Erreformarako ministroak salatuta ikertzen hasi da Polizia. Diru jario susmagarriak aztertzen ditu, Hersant familiaren luxuzko golf zelai baten probetxurako eginak, 2012. urtean likidatzekotan zegoen komunikazio taldetik. Orotara, 14 milioi euro lirateke golfa berritzeko bide horretatik lortutako diruak.
Hersant familiak erran du egin zuten guztia legea errespetatuz egin zutela.
Ez da taldeari buruzko ikerketa bakarra. Urtarrilaren 16an, diputatu sozialistek parlamentuak ikerketa bat ireki zezala eskatu zuten, Tapie negoziogizonak GHM taldearen akzioak nola erosi zituen jakiteko.