Mali

Frantziako kazetari bat bahitu du Malin Al-Qaedaren gertuko talde jihadista batek

Apirilaren hasieran desagertu zen Olivier Dubois kazetaria, Gao hirian. Taldeak bideo bat zabaldu du sare sozialetan bahiketaren berri emanez.

Maliko behin-behineko presidente Bah Ndaw eta Frantziako estatuburu Emmanuel Macron, Parisen, joan den urtarrilean. YOAN VALAT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 5a
11:17
Entzun

Le Point Afrique eta Libération egunkarietarako egiten du lan Olivier Dubois kazetariak. Bi kazeta horientzako erreportaje bat prestatzen ari zen apiril hasieran Gao hirian (Mali), desagertu zenean. Apirilaren 8an ikusi zuten azkenengoz, eta bi egun geroago jakin zuten Al-Qaedaren gertuko talde jihadista batek bahitu zuela. Gaur, talde horrek berak 21 segundoko bideo bat zabaldu du Twitterren, non Duboisek berak esaten duen bahituta dagoela.

RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak aitortu du bazuela haren desagertzearen berri, baina, komunikabideekin hitz egin ondoren, erabaki zutela ezer ez zabaltzea, askatzeko ahaleginak ez eragozteko. «Olivier Dubois aske uzteko eskatzen du RSFk. Eskatzen diegu Maliko eta Frantziako agintariei euren esku dagoen guztia egin dezatela hura askatzeko, eta babes osoa helarazten diegu haren senide eta lagunei».

Mali, Burkina Faso eta Niger mugakide dira, eta hiruretan egin du okerrera egoerak azken hilabeteetan. Segurtasunik ezak, indarkeriaren gorakadak eta natur hondamendiek bultzatuta, 10,6 milioi lagunek utzi behar izan dituzten euren herrialdeak hiru estatu horietan. Malin, nabarmen ugaritu dira komunitateen arteko borrokak eta Al-Qaedarekin eta EI Estatu Islamikoarekin lotutako talde txikien erasoak.

Beriain eta Fraile

Burkina Fasoko armadak zabaldu duenez, David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien hilketekin zerikusia izan zuten zortzi gerrillari hil dituzte. Benin eta Togoko mugatik gertu hil zituzten Beriain eta Fraile, Chengeta Wildlife gobernuz kanpoko erakundearen sortzaile Rory Young irlandarrarekin batera, joan den apirilaren 26an.

Espainiako eta Burkina Fasoko agintariek azalpen gutxi eman dute gaur arte haien hilketaren inguruan. Hirurak Arlyko Parke Nazionalera joanak ziren 40 laguneko talde batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.