FRANTZIAKO LISKARRAK. Gobernuak etxeratzeko agindua emateko baimena eman die prefetei

Gau bakar batean 1.400 auto erre dituzte eta Poliziak 395 pertsona atxilotu ditu

ERREDAKZIOA
2005eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Dominique de Villepin lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez,prefetek etxeratzeko agindua emateko baimena izango dute Paris inguruan duela bi aste piztu eta gerora beste hainbat hiritara zabaldu diren liskarrei aurre egin ahal izateko. Ministroen Kontseiluak gaur emango ditu neurri hori indarrean jarri ahal izateko pausoak Parlamentuak, berriz, krisiari aurre egin ahal izateko eta neurriak aztertzeko eztabaida saioa egingo du gaur. TF1 telebista katean atzo emandako elkarrizketa batean, lehentasuna «ordena publikoa berrezartzea» zela gaineratu zuen lehen ministroak. Liskarrak dauden lekuetara, hala, 1.500 erreserbista bidaliko dituztela zehaztu zuen. Segurtasun indarretako 9.500 kide daude orotara jada lanean liskarrak izan diren udalerritan.

Hezkuntzaren, lanaren eta etxebizitzaren alorretan hainbat neurri iragarri zituen lehen ministroak. Hezkuntzan zailtasunak dituzten hamalau urtez beherako haurrak laguntzeko eta nota onak ateratzen dituztenak saritzeko programak iragarri zituen. Langabezian dauden gazteek, berriz, euren egoera aztertu eta hiru hilabeteko epean lana edo prestakuntza emango dien erakundeetara joateko aukera izango dute.Le Raincy udalerriko alkateak gaurko gauera itxoin ez eta atzo bertan ezarri zuen etxeratzeko agindua. Clichy-sous-Bois liskarrak hasi ziren udalerria eta Monfermeileren artean meskita batean granada bat lehertu zen udalerria dago Le Raincy. UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduko alkate eta diputatu Eric Raoultek «drama» bat saihesteko neurri gehiago hartu ditu, hala nola toki zehatzetan segurtasun agenteak ezartzea.Nicolas Sarkozy Barne ministroak ez dituela drama gehiago nahi adierazi zuen atzo: «Jada nahiko drama izan dira». Stains udalerrian ostiral gauean izandako liskarren ondorioz koman sartu eta atzo hil zen gizonaren emaztearekin bildu zen atzo Sarkozy. Jean-Jacques Le Chenadec bere etxeko atarian zegoen, bizilagun batekin hitz egiten, eta gazte bi hurbildu zitzaizkien. Zertaz mintzatzen ari ziren galdetu eta erretako autoez erantzutean, gazteetako batek muturrekoa eman zion Le Chenadeci. Hala, lurrera erori eta koman sartu zen. Aurretik, paperontzi batzuei su ematen ari ziren gazte batzuei hori ez egiteko eskatu zien eta haiek harriak bota zizkioten.Liskarrak, ildo horretan, gero eta hiri eta udalerri gehiagotara zabaltzeaz gain, gero eta gogorragoak dira.Grigny udalerrian, berriz, poliziei segada bat egin zien berrehun bat gaztek osatutako talde batek. Eskopeta eta fusilekin tiro egin zieten poliziei eta horietako hogeita hamalau zauritu ziren biri perdigoiak atera behar izan zizkieten.

Chiracen deia

Liskarrak hasi eta hamaikagarren gauean hiriburuaren inguruko udalerrietan eta beste hainbat departamentutan 1.400 auto baino gehiago erre zituzten. Poliziak, berriz, 395 pertsona atxilotu zituen herenegun gauean. Iragan urriaren 27tik, liskarrak piztu zirenetik, jada 3.500 auto erre dituzte. Poliziak atxilotutako pertsonak, berriz, 800 dira. Liburutegiak, kultur etxeak, eskolak, merkataritza guneak eta enpresa pribatuak izan dira orain arte erasoen jomuga. Baita garraio publikoa ere. Herenegun autobus batean zihoan hamahiru hilabeteko haur bat ospitalera eraman behar izan zuten buruan harrikada bat jaso ondoren. Sete eta Saint-Edourad udalerrie-tan, berriz, elizak erre zituzten atzo.

OUIF Frantziako Erakunde Islamikoen Batasunak indarkeriaren kontrako fatua bat argitara eman zuen atzo. Gazte musulmanei euren ekintzak bertan behera uzteko eskatu eta agintariei egoeraren arriskuaz ohartarazi zien. Integrazio ereduak akatsak dituela salatu zuen, bestetik.Frantziako presidente Jacques Chiracek lehentasunak segurtasuna eta ordena publikoa berrezartzea zirela adierazi zuen herenegun, krisi kabinetearen ondoren egindako agerraldian. Errepublikak indarkeria eta beldurra zabaltzen dutenak baino indartsuago behar duela izan esan zuen presidenteak.

Datua



%57

Nicolas Sarkozy Barne ministroak babesa du oraindik herritarren artean. CSAk azaroaren 2 eta 3an eginiko inkestaren arabera, biztanleen %57k uste dute haren lana ona edo oso ona dela eta %39k txarra edo oso txarra. Haren agerraldi publikoekin kritikoagoak dira: %73k diote mediatikoegia dela; %66k, aldiz, errepresioari garrantzi handia ematen diola. Herritarren erdien ustez, Sarkozy ez da eraginkorra segurtasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.