06:00etan hasi da operazioa, Calaisko Prefeturak bere Twitter kontuan azaldu duenez. «Barne Ministerioaren aginduz eta erabaki judizial batean oinarrituta» egin dutela zehaztu du. Calais hiriko aldirietan dagoen Virval auzoan ezarritako kanpaleku bat hustu du Poliziak. Almazen batzuen inguruan eraikita zegoen gunea, eta almazen horien jabeak salaketa bat jarria zuen, eremua okupatu zutela argudiatuta. Salaketa horrek eman dio bide gaur goizeko operazioari.
Bertako agintarien arabera, 600 lagun inguru mugiarazi dituzte, eta Pas-de-Calais departamenduko harrera etxeetara eraman dituzte, autobusetan. Prefeturaren arabera, 30 haur inguru bizi ziren kanpalekuan.
Gaurkoa ez da azkenaldian Calaisen eta inguruan migratzaileak kanporatzeko egindako lehen operazioa, baina bai handiena. Frantziako Gobernua COVID-19aren aurkako neurriak arintzen hasi zenetik eta Europako Batasuneko barne mugak zabaldu zirenetik migratzaile ugari iritsi da hiri horretara, Mantxako kanala zeharkatuz Erresuma Batura igarotzeko asmoz. Muga zeharkatzea ezinezkoa zaienez, kanpalekuak eraiki ohi dituzte hiriaren kanpoaldean, baina Poliziak horiek husten ditu, agindu judizialaei nahiz bertako agintarien eskariei erantzunez.
Kasu honetan ere, Calaisko alkate Natacha Bouchartek eta Xavier Bertrand Pas-de-Calais departamenduko presidenteak gobernuari eskatua zioten kanpamendua desegiteko, geroz eta migratzaile gehiago bertan batzeko eta 2016an gertatutakoaren antzeko zerbait gertatzeko beldurrez. Urte hartan, Poliziak Calaisko oihana moduan ezagututako kanpalekua hutsarazi zuen. 9.000 lagun ingururen bizitoki bihurtu zen gune hori, momentu batean.