parisko atentatuen ondorena

Frantzian hiru hilabete iraungo du larrialdi egoerak

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalean iragarri du arma kimiko eta biologikoekin eginiko atentatuen arriskua dagoela. Europatik irten eta sartzen diren herritarren gaineko kontrola areagotu egingo du Frantziak.

Frantziako Polizia, gaur, Saint-Denisen, ikerketa lanetan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
2015eko azaroaren 19a
07:33
Entzun

Oniritzia eman die Frantziako Asanblea Nazionalak gobernuak eginiko proposamenei, eta, horrenbestez, hiru hilabete iraungo du larrialdi egoerak. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak defendatu du neurria.

“Segurtasuna da askatasunen artean lehena. Horregatik, aldi batez, beste askatasun batzuk mugatu egin dira”. Lehen ministroak azaldu du Frantziaren mugan 132 igarobidetan kontrolak berrezarri dituztela. Bai aireportuetan bai tren geltokietan areagotu egin dituzte kontrolak.

Eraso terrorista gehiago izateko arriskua handia eta gainera larria dela nabarmendu nahi izan du Vallsek Asanblea Nazionalean. Bere esanetan, arma kimiko eta biologikoekin egin dezakete eraso.

Europako mugak sistematikoki kontrolatu ezean, Schengenen biziraupena “arriskuan” dago. Hala adierazi du gaur. Bere ustez, premiazkoa da Europatik irten eta Europara sartzen diren herritarren gaineko kontrola areagotzea. “Gure segurtasun kolektiboaren aldeko baldintza bat da”.

Sarrera eragotzi

Siria eta Irakera joan diren 966 frantziar kontrolpean dituztela esan du Vallsek: 142 erasoetan hil direla, 588k han jarraitzen dutela eta 247k herrialde horiek atzean utzi dituztela zehaztu du. Nabarmendu du askok maiz egiten dituztela joan-etorriak. “Batzuk, damuturiko jihadistak dira, baina zaila da haien zintzotasuna neurtzea”, adierazi du lehen ministroak. Horregatik debekatu nahi die Frantziara sartzea.

Halaber, terrorismoagatik zigorturiko herritarrei frantziar nazionalitatea kendu nahi dietela erantsi du.

Belgikako lehen ministro Charles Michel ere ildo beretik mintzatu da gaur. Haren esanetan, zuzenean kartzelera bidali behar dira "beren herrira itzultzen diren jihadistak". Hark ere Konstituzioa aldatzea proposatu du, eta besteak beste, atxiloketak gauez egitea ahalbidetzea. Atxiloaldi prebentiboak 24 orduetatik 72 orduetara luzatzea ere proposatu du.

Bruselan polizia operazioa

Parisko atentatuen osteko polizia operazioek ez dute etenik; gaur Bruselan zortzi etxe miatu dituzte. Bi atxiloketa egin dituzte. Fiskalak jakitera eman du ez dutela harreman zuzenik Parisko atentuekin, baina zehaztu du egungo egoera baliatu dutela aurrez jada programatuta zuten polizia operazioa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.