Frantziara bidean dira Txaden atxilotu eta zigortutako Zoeren Ontzia Gobernuz Kanpoko Erakundeko sei kideak -frantziarrak denak-. N'Djamenatik atera da gaur eguerdian Frantziara eramango dituen hegazkina.
Urriaren 25ean 103 haur Europara eramateko ahalegin zutela-eta epaitu zituzten. Azkenean bahiketa leporatu eta joan den asteazkenean zortzi urtean gatibu lanak egiteko zigorra ezarri zien Txadeko Justiziak.
Guztira hamar lagun dira N'Djamena hiriburuko auzitegian epaitu zituztenak: Zoeren Ontziko sei kide frantziarrak, eta operazioan laguntzaile izan zituzten Txadeko hiru herritar eta Sudango beste bat.
Atxilotu zituztenean, 103 haur horiek Darfurko gerrako umezurtzak zirela agertu zuten Zoeren Ontziko kideek, eta euren asmoa Europara behin-behinekoz eramatea zela, bizitza salbatzeko, Darfurko egoera konpondu artean.
Gero, ordea, haurretako zenbait ez zirela umezurtzak eta Darfurkoak ikusi da. Epaiketan eman zuten horri buruzko azalpena Zoeren Ontziko sei kideek eta, agertu zutenez, Txaden eta Sudanen zituzten bitartekariek haur guztiak Darfurko umezurtzak zirela sinetsarazi zieten. Euren asmoa salbamendu operazioa egitea zela berretsi zuten.
Euskal Herrian -Lapurdin eta Nafarroa Beherean- haur horietako batzuk aterbertzeko konpromisoa hartua zuten familia batzuek.
Mundua
Frantziara bidean dira Txaden zigortutako sei frantziarrak
N'Djamenatik atera dira eguerdian Zoeren Ontziko sei kideak. 103 haur Europara eramateko ahalegina egiten ari zirela atxilotu zituzten Txaden, bahiketa leporatuta. Pasa den asteazkenean zortzi urtean gatibu lanak egitera zigortu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu