Nicolas Sarkozy eta Segolene Royal gogor kritikatu ditu François Bayrouk: «Frantziaren arazoak areagotu baino ez dituzte egingo». Maiatzaren 6an hauteskundeen bigarren txandan lehiatuko diren bi hautagaien kontrako hitzak izan ditu, baina, bereziki, eskuineko hautagaiaren kontrakoak. Iragan igandean egin zen lehen txandan bere alde boto egin zuten 6,8 milioi hautesleei zeini boto eman aholkatzeari uko egin dio Bayrouk:«Ez dut boto gomendiorik egingo; izan ere, nire alde boto egin dutenak euren kabuz hautu egiteko gai diren herritar askeak direla iritzi diot». UDF Frantziako Demokraziaren Aldeko Batasuneko presidenteak indar politiko berri baten sorrera iragarri du: Alderdi Demokrata.
Frantziako Presidentetzako bozen lehen itzulian, botoen %18,57 lortuta, hirugarren lekuan geratu zen buruzagi zentristak eskuinaren edo ezkerraren alde egiteari uko egin dio bigarren txandari begira: «Alde bat edo bestea sustatzeari uko egiten diot; aukeratu egin dugun askatasunaren bidean ez dugu atzera egingo». Nicolas Sarkozy UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko hautagaia eta Segolene Royal PS Alderdi Sozialistako hautagaia ez dira gai izango, buruzagi zentristaren arabera, arazoei konponbide bat emateko.
Sarkozyrekin tematu da bereziki Bayrou. Negozioen eta hedabideen potentzia handietatik hurbil egotea eta «larderiaz eta mehatxuz jokatzeko joera» izatea leporatu dio eskuineko hautagaiari. Royalekin, berriz, samurragoa izan eta «asmo onak» dituen arren, hautagai sozialistak arazo ekonomikoak okertu egingo dituela uste du Bayrouk. Maiatzaren 6an nori bozkatuko dion ere ez du argitu: «Gaur egun, egia esatearren, nik neuk ere ez dakit zer egingo dudan; zer ez dudan egingo buruan argi edukitzen hasten naiz, ordea». Bayrouk argi utzi du «bi arrisku hauen artean» ez duela ez bata eta ez bestea onartzen.
«DEMOKRAZIA BERRERAIKITZEKO INDARRA».Alderdi Demokrata izeneko indar politiko berri baten sorrera iragarri du Bayrouk. Legebiltzarrerako hauteskundeetan -ekainaren 10ean eta 17an egingo dira- hautagaiak aurkeztuko ditu zentroko alderdi berri honek: «Demokrazia hitzak bere esanahi osoa berreskuratu egin dezan instituzioen ibilera eraberritzea proposatuko dugu; Alderdi Demokratak tinko jokatuko du botereen arteko zinezko banaketa bat bermatzeko eta XXI. mende honetan demokrazia sozial bat eratzeko».
Bayrouk, datorren ekaineko bozetan, gaur egun UDFkoak diren 30 diputatuei euren eskualdean nahi izango dituzten aliantzak egiteko eskubidea utziko diela nabarmendu du. UMPrekiko aliantzari eutsiko diotela iragarri dute jada diputatu hauetatik hamar batek.
BAYROU EZ DA GOBERNUAN EGONGO. Sarkozy eta Royal biek deitu egin diotela baina bietako inorekin ez duela oraino hitz egin jakinarazi du Bayrouk. Hautagai sozialistak jendaurrean hitz egiteari egin dion eskaintzari baietza eman diola zehaztu du. Sarkozyk eskari bera egingo balio berdin erantzungo lukeela zehaztuz: «Irekieraren aldekoa naiz eta elkarrizketa zintzo guztiekin bat nator». Gobernuan kargu berri bat ez lukeela onartuko ere zehaztu du: «Hori guztiz ezinezkoa da».
«Frantziaren arazoak areagotu baino ez dituzte egingo Royal eta Sarkozyk»
Bayrouk ez du aholkatu bigarren txandan zeini eman boza, eta alderdi baten sorrera iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu