Irakaslea ez ezik, ekintzailea ere bazen Freytter Romero, eta hil baino astebete lehenago atxilotu egin zuen Poliziak. Ondoren, abuztuaren 28tik 29rako gauean, paramilitarrek atzeman zuten, eta, torturatu ostean, hil egin zuten. Ez zen garai hartan hildako unibertsitateko kide bakarra izan. 1996tik 2006ko tartean Atlantikoko Unibertsitateko 25 ikasle eta irakasle baino gehiago hil zituzten paramilitarrek eta Poliziak.
Orain, 18 urte geroago, fiskaltzak gizateriaren aurkako delitutzat jo du Romeroren hilketa. Haren argudioen artean da hilketa ez zela bakana izan, eta unibertsitateko ekintzaileen aurkako dozenaka erasoen artean kokatu behar dela. «Komunitate jakin baten aurkako politika bat zegoen indarrean, eta instituzio bereziak sortu zituzten helburu horrekin; horietan parte hartu zuten politikariek, goi kargudun militarrek edota bestelako arduradunek», azaldu du fiskalak.
Ebazpenaren arabera, Romeroren hilketan, «estatuko indarrek» ez ezik, Kolonbiako Autodefentsa Batuetako paramilitarrek ere hartu zuten parte. Azken horiek dagoeneko onartua zuten esku hartu zutela. Romeroren hilketan ez ezik, «eskuin muturreko legez kanpoko taldeek» beste sei hilketatan ere parte hartu zuten aipatu unibertsitatean, tartean Alfredo Correa de Andreisena. Azken horren kasuan, Kolonbiako Gobernuak barkamena eskatu behar izan zuen iaz.
Paramilitarrak 1998an sartu ziren lehen aldiz Atlantikoko Unibertsitatean. Urte hartan Raul Peña irakaslea eta Alexander Acuña ikaslea hil zituzten. Gerora etorriko ziren Humberto Contreras eta Reynaldo Sernaren hilketak. Biak ziren ikasleen ordezkariak, eta, paramilitarrek hil aurretik, auzipetu egin zituzten, matxinada egotzita.